Ekonomia -
Akordioa
CAFek Solaris autobus fabrikatzaile poloniarra erosi du
Enpresa gipuzkoarrak akordio bat lortu du, 300 milioi euroren truke. Horrela, konpainiak 'hiriko mugikortasunaren aldeko apustua' indartu nahi du.
Agentziak | Erredakzioa
CAFek akordio bat lortu du Solaris autobus fabrikatzaile poloniarra eskuratzeko, 300 milioi euroren truke. Operazio honen bitartez, euskal konpainiak "hiriko mugikortasunaren aldeko apustua" indartzea espero du, ohar batean jakitera eman duenez.
Enpresa gipuzkoarrak nabarmendu duenez, Solaris eskuratuta, CAF Taldea autobusen segmentuan merkatuko egungo buruetako bat izatera helduko da, eta dagoeneko duen produktu sorta "zabala" handituko du, hirietan "dauden beharrei eta etorriko direnei" erantzuna eman ahal izateko, bereziki mugikortasun elektrikoaren eta atez ateko garraio publikoen arloan.
Eskuratutako konpainiaren balioa 300 milioi baino zertxobait goragokoa dela uste da; amaierako balioa operazioa ixtean zehaztuko dute. Operazioak Solarisen akzio guztiak erostea aurreikusten du, eta CAFen zor osagarriarekin finantzatuko da gehienbat.
Solaris enpresa 1996. urtean sortu zuten, eta ohiko autobusak eta elektrikoak ditu 700 hiritan, 32 herrialdetan. 2017. urtearen amaieran, 450 milioi euroko fakturazioa zuen; bi produkzio-fabrika ditu Polonian, Bolechowon eta Sodran, eta 2.300 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan bertan.