Ekonomia -

Urteko txostena

31 langile hil ziren iaz lan-istripuan, Osalanek jakinarazi duenez

Baja eragin zuten istripuak 29.484 izan ziren guztira, % 5,5 gehiago, baina lanean hildako langile kopuruak % 26 egin du behera, 2016rekin alderatuta.

2017ko lan istripu baten aurkako protesta, Fumbarri enpresan. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
2017ko lan istripu baten aurkako protesta, Fumbarri enpresan. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osalanek 33.398 lan istripu (baja eragin zutenak) zenbatu zituen 2017an; horietatik 33.177 arinak izan ziren, 190 larriak eta gainerako 31etan langileak hil egin ziren. Azken horietatik, 25 lanean zeudela hil ziren, 2016an baino % 26 gutxiago, eta sei lantokira zihoazela, edo lantokitik bueltan zetozela.

Maria Jesus san Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak eta Alberto Alonso Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak 2017an izandako lan istripu eta lan gaixotasunen inguruko txostena aurkeztu zuten atzo, asteazkena.

San Joseren esanetan, txostenean jasotako datuen arabera (babes gabeko autonomoak ez dira zenbatu), "lan arriskuen prebentzioaren barneratzean sakontzeko behar handia dago" gizartean.

Baja eragin zuten istripuak 29.484 izan ziren guztira iaz, 2016an baino % 5,5 gehiago;29.304 arinak izan ziren (% 6 gehiago), 155 larriak (% 12 gehiago) eta 25ek heriotza eragin zuten, % 26 gutxiago, 2016rekin alderatuta.

Era berean, etxetik lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean 3.914 istripu izan ziren, aurreko urtean baino % 11 gehiago. Horietatik, 3.879 arinak eta 35 larriak izan ziren; gainerako sei istripuetan langileak hil egin ziren.

Baja eragin zuten istripu gehienak eraikuntzaren sektorean jazo ziren: 1.000 pertsona eta langileko, 87,73; lehen sektorean (76,36) industrian (64,76) eta zerbitzuetan (27,37).

Laneko antzinakotasunari dagokionez, Alberto Alonso Osalaneko zuzendariak nabarmendu du lanean ematen diren lehenengo sei hilabeteak "bereziki erabakigarriak" direla, laneko istripuen % 22,6 eta lanerako bidean -edo bueltan- izaten diren istripuen % 22,15 epe horretan gertatzen baitira.

Iaz, lanean hilabete baino gutxiago zeramatzaten langileen istripuak guztien % 8 izan ziren, bai lanean, baita bidean ere. Larrien % 10 ere pairatu zituzten, eta hildakoen % 13 baita ere.

Sailburuaren esanetan, azken urteetan izan diren istripu kopurua oso gorabeheratsua izan da, beheranzko joera hartu badu ere. 2000. urtean 55.212 istripu zenbatu ziren, eta 33.398 iaz, baina tamalgarritzat jo du lan istripu asko "XIX. mendekoak" direla, besteak beste, erorikoak, kolpeak, irristak edo zama erorketak.

Osalanen zuzendariaren ustean, urteko lehen sei hilabeteetako balantzean istripuek gora egin dutela kusi da (% 1,6), baina nabarmendu du langileen kopurua % 3 hazi dela, hortaz, istripu indizea % 2,1 jaitsi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak