Ekonomia -
Grebari erantzunda
Ryanairrek % 20 murriztuko du hegazkin kopurua Irlandan, 300 lanpostu kolokan utzita
Irlandatik kenduko dituen hegazkinak Poloniara eramango ditu. Konpainiaren arabera, pilotuen grebek erreserba kopurua jaistea eragin dute, eta hori dela eta hartu du erabakia.
agentziak | erredakzioa
Ryanair Irlandako kostu txikiko airelineak % 20 murriztuko du Irlandan duen hegazkin kopurua, hau da 30etik 24ra, eta erabaki horrek 300 lanpostu baino gehiago galtzea ekar lezake.
Londoneko Burtsara igorritako ohar baten bidez azaldu duenez, Irlandatik kenduko dituen hegazkinak Poloniara eramango ditu, han susperraldian baitago, eta pilotuen grebek erreserbak jaistea eragin dutelako, bere esanetan.
Ryanairrek oharra bidali die Dublineko egoitzako 100 pilotu eta kabinako 200 langile baino gehiagori, eta Poloniara edo base batzuetara joateko aukera emango die.
Oharraren arabera, Administrazio Kontseiluak gaur bertan onartu du neurria, hilabete honetan hiru greba egon ostean Irlandan, eta gaur eta biharko Espainian, Portugalen, Belgikan eta Italian lanuzteak deituta daudenean.
Aurreko astelehenean, Michael O'Leary kontseilari delegatuak hegazkin eta hegaldi kopurua murriztu zezaketela ohartarazi zuen, neguko denboraldiari begira, sindikatuek "beharrezkoak ez diren grebak" deitzen dituzten lekuetan. Horrek "lanpostuak galtzea" ere eragingo duela abisatu zuen.
Gaurkoan zabaldutako oharrean airelineak azaldu duenez, Ryanair Sun Poloniako charter hegaldietarako filialak gutxienez 10 hegazkin eskainiko dizkiete Poloniako bidaia-antolatzaileei, uda honetako bikoitza.
Erantsi duenaren arabera, Dublinen hegazkin kopurua murriztea Polonirara eramateko erabakiagatik ez dituzte aire-bide asko kenduko, baina baliteke frekuentzia jaistea.
Enpresak Poloniara eta "seguruenera" beste base batzuetara joateko aukera emango die gaur iragarriko neurriak kaltetuko dituen langileei.
Peter Bellewek azal duenez, Ryanairrek 450 hegazkinekin lan egiten du Europako 87 basetan, eta ohartarazi du "hori egiten jarraitzeko modu bakarra, tarifa txikiak eskaini eta bezeroentzat konfiantzazkoak diren zerbitzuak" ematen jarraitzea dela.