Ekonomia -

LAN GATAZKA

Ryanair konpainiako kabinako langileek greba eguna dute gaur eta bihar

Irlandako legedia beharrean Espainiakoa aplikatzea eskatzen diote enpresari. Ryanairrek, ostera, neguko hegaldiak murriztearekin eta kaleratzeekin mehatxu egin die beharginei.

Ryanair konpainiako hegazkin bat. Artxiboko argazkia: EFE
Ryanair konpainiako hegazkin bat. Artxiboko argazkia: EFE
Ryanair konpainiako hegazkin bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ryanair konpainiako kabinako langileek greba eguna dute gaur eta bihar Espainian, Belgikan eta Portugalen, eta, ondorioz, hiru herrialde horietatik iritsi edo bertatik irtengo diren 300 hegaldi inguru bertan behera geldituko dira, Irlandako enpresak jakinarazi duenez. Guztira, kabinako 3.000 langile inguru daude greba egitera deituta.

Langileek Irlandako legedia beharrean Espainiako aplikatzea eskatzen diote enpresari. Gaur egun, 2012a baino lehen konpainiak azpikontratatutako kabinako langileek (% 75) Irlandan kotizatzen dute eta, beraz, ez daukate gizarte segurantzarako eskubiderik Espainian. Hori dela eta, eta Espainian bizi izanagatik ere, "erbesteratutako" irlandarrak sentitzen direla salatzen dute beharginek.

Espainiako Sustapen Ministerioak % 59ra arteko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Ryanairrek grebari aurrea hartu dio eta gaurko edo biharko bidaia txartela erosia zuten bidaiari ia guztiei (% 90) eserlekua eman die beste hegaldi batean.

Gaur, asteazkena, Gasteiz, Biarritz edo Santanderreko aireportuetan jatorria edo helmuga duten 16 hegaldi bertan behera gelditu dira. Grebak hegaldi hauei eragingo die: Gasteiz-Tenerife, Santander-Bruselas eta Santander-Bartzelona. Kasu horietan guztietan, joaneko zein itzulerako hegaldiak ezeztatu dira.

Bihar, osteguna, Santanderretik Bartzelonara, Malagara, Palmara eta Valentziara ateratzekoak ziren hegazkinak ez dira irtengo; itzulerakoek ere ez dute Santanderren lur hartuko. Gainera, Biarritz eta Bruselas lotzen dituen hegaldia ere bertan behera gelditu da.

Grebaren harira, kaltetutako bidaiariek kalte-ordainerako eskubidea dutela azpimarratu dute kontsumitzaile elkarteek.

Espainiaren kasuan, Ryanair konpainiako langileen lehendabizikoa da gaur-biharretan egingo dena. Greba deialdi gehiago eginez gero, neguko hegaldiak murriztuarekin eta kaleratzeekin mehatxu egin zien Irlandako enpresak beharginei.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi berriak Grebak gaur Lana albisteak Belgika argazkiak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Lisboa azken ordukoa Gasteizko Aireportua Oporrak gaur