Ekonomia -

Negoziaketak patronalarekin

Bizkaiko dendariek greba saihesteko azken proposamena egin dute

ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk KPI+0,5eko soldata igoera eskatzen dute, eta patronalak onartzen ez badu, merkealdiaren lehenengo egunean grebara joko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko merkataritza alorreko lau sindikatuek ultimatuma egin diote patronalari urtarrilaren 7ko greba saihestu ahal izateko. KPI+0,5eko soldata igoera proposatzen dute lan-hitzarmenak dirauen urte bakoitzeko. Patronalak proposamena onartzen ez badu, sektoreko 15.000 langileak grebara deituko dituzte.

Sindikatuek CECOBI patronalarekin egiten ari diren lan-hitzarmenaren negoziaketetan egin dute eskaria, urtarrilaren 7a baino lehenago akordioa lotze aldera.

CCOOk agiri batean jakinarazi duenez, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk egindako "eskaintza itxia" da hori, eta patronalak "ez badu onartzen edo negoziatzen jarraitu nahi badu, apurtu egingo da negoziazio mahaia" eta greba egingo dute.

Sindikatuak zehaztu du patronalak gaurko eguna duela proposamena onartzen duen ala ez esateko.

Greba Arabako arropa dendetan

Araban ere grebarekin emango diote hasiera arropa dendetako langileek merkealdiaren lehen egunari.

Lan hitzarmenean aurrerapausorik ez eta ostiralerako greba deitu dute arropa dendetan ELA, UGT eta CCOO sindikatuek.

Sektoreko mila inguru langile daude deituta ostiraleko grebara. 2009tik izoztuta dagoen lan-hitzarmenean aurrerapausoak ematea nahi dute. Sindikatuek egiten dituzten eskarien artean, soldata igoerarena dago eta puntu horretan ez daude hain urrun UNIMODA patronala eta sindikatuak. Beraz, negoziatzeko borondatea eskatzen diete enpresariei.

Jarrera hurbilketarik ez badago, Araban ostiralean arropa merkealdirik ez dela hasiko adierazi dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zara edo H-M dendetako langile batzordeek, esaterako, bat egin dute greba deialdiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea