Ekonomia -

Hilaren 28an onartuko dute

Gobernuak eta sindikatuek pentsioen erreforma negoziatuko dute gaur

Bi aldeak asteburu osoan batzartuko dira, akordioa lortzen saiatzeko. CCOOko eta UGTko buruak Valeriano Gomez Lan ministroarekin bilduko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua eta CCOO eta UGT sindikatuak asteburu osoan batzartuko dira, gaurtik hasita, pentsioen erreformaren inguruan akordioa lortzeko helburuz.

Ramon Gorriz CCOOko Sindikatu Ekintzako idazkariak azaldu duenez, orain arte hartu-emanak telefonoz egin dituzte, baina hemendik aurrera aurrez aurre izango dira, eta buruzagiek hartuko dute parte, Valeriano Gomez Lan ministroak barne.

Gorrizek zehaztu du pentsioen erreforma ez ezik, besteak beste lan merkatuarena eta lan hitzarmenena ere hartuko dituztela hizpide.

Azken egunetan, bi aldeek hartu-eman ez ofizialak egin dituzte, jarrerak gerturatzeko xedez.

Astelehenean eta asteartean, UGTko eta CCOOko zuzendaritzek bilera egingo dute, norberak bere kabuz, asteburuan hitz egindakoa aztertzeko.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak argi utzi du erreforma hilaren 28an onartuko dutela. Horrenbestez, aldeek egun hori arteko epea daukate akordioa lortzen saiatzeko.

Gobernuak erretiro adina bi urte atzeratu asmo du, 65etik 67ra, eta neurria 2027an sartuko da indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea