Ekonomia -

Zapateroren urteko balantzea

Erretiro adinaren atzerapena 2027tik aurrera jarriko dute indarrean

Gobernuburuak agerraldia egin du, 2010eko balantzea egiteko, eta horretan, aurten Espainia atzeralditik susperraldira pasatu dela nabarmendu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak behar dituen erreformak bultzatzeko "hitzarmen zabala" bilatuko du Gobernuak, Zapateroren hitzetan. Azaldu duenez, datorren urteko erronka politiko nagusiak izango dira erreforma horiek. "Guztion arteko lana izan beharko da, hitzarmen lana, adostasun lana", gaineratu du Zapaterok.

Legealdian zehar "askotan" Mariano Rajoy PPko buruarekin hitz egin duela esan du kazetarien aurrean, eta etorkizunean ere horrela egingo duela agindu du. "Gehiago hitz egin behar badut, gehiago hitz egingo dut", azpimarratu du. Pentsioen sistemaren erreforma aurrera ateratzeko PPrekin akordioa lortzea "funtsezkoa" dela uste du Espainiako presidenteak.

Izan ere, pentsio sistemaren erreforma "herrialde honek egin behar duen erreformarik garrantzitsuena" dela esan du Zapaterok. Erretiro adina 67 urteetara atzeratuko dutela berretsi du, baina neurri hau 2027. urtean "malgutasunez" aplikatuko dute.

Bestalde, presidenteak ziurtatu du barne produktu gordinaren (BPG) hazkundea positiboa izango dela 2010eko azken hiruhilekoan, ekaina eta iraila artean ez aurrera ez atzera egon eta gero. Horrenbestez, aurten Espainia atzeralditik susperraldira pasatu dela nabarmendu du.

Zapaterok agerraldia egin du gaur arratsaldean, Ministroen Kontseiluaren ostean, urteko balantzea egiteko.

Horretan, gobernuburuak txalotu du aurten ez dela "tasa negatiborik" jazo ekonomian.

Nolanahi ere, Zapaterok aitortu du hazkundea "motela eta ahula" izango dela, "lan erabakigarria" egin behar baita oraindik, enplegua sortzea helburu.

2011ko hasiera, erabakigarria

Zapaterok adierazi du 2011ko lehen eta bigarren hiruhilekoak erabakigarriak izango direla finantza sistema errotzeko, sinesgarritasuna hobetzeko eta haren tamaina zehazteko.

Gobernuburuak gogorarazi du finantza sistemaren erreforma aurrez ikusitako datetan gauzatu dutela, batik bat kutxen sektorean, merkatua txikitzeko helburuz.

Horren ildotik, kutxen berregituraketa prozesua ostiralean amaitu zutela azaldu du, oraindik ere egitekoak badaude ere. Bere esanetan, izan ere, erakunde horiek gardentasuna hobetu egin behar dute.

Argindarraren igoera

Zapateroren ustez, Azken Errekurtsoko Tarifaren garestitzea "gogorra eta salbuespenezkoa" da, baina argindarraren prezioa "bidezkoa" izatea ekarriko du; izan ere, bere kostu erreala ezarriko du eta etorkizunean igoera gehiago ez egitea ekarriko du.

''Sinde legea''

''Sinde legea''ren harira, Zapaterok esan du jabetza intelektuala "arautu eta bermatu" behar da "herri garatuek" egin duten bezala, eta alderdi politikoen arteko "adostasuna ahalik eta arinen" lortzea espero duela esan du.

Aire-kontrolatzaileak

Bestalde, Gobernuak ez du alarma egoera urtarrilaren 15etik aurrera luzatzeko asmoa, Zapaterok ziurtatu duenez; izan ere, Aena eta are-kontrolatzaileen arteko negoziazioak hasten direnean alarma egoera bertan behera utziko dute.

Presidente izateko hautagaitza

Datozen hauteskunde orokorrei begira, presidentziarako hautagai izango ote den ez du argitu Zapaterok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea