Ekonomia -

Ez da istilurik izan

Arabako merkataritzaren grebak ez du jarduera gelditzea lortu

Piketeen eraginez, denda batzuk ateak itxi dituzte baina handik gutxira berriro lanean jarri dira. Patronala eta sindikatuak ostegunean bilduko dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk, UGTk eta CCOOk bidezko hitzarmen baten alde deituta, Arabako merkataritzaren grebak ez du eguneko jarduera gelditzea lortu baina bai sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioa desblokeatzea, izan ere, datorren astean bilduko dira.

Araban ehunaren merkataritzak greba egiten duen lehen aldia da, urtean dendetara jende gehien joaten den egunean gainera, hau da, neguko beherapenen lehen egunean.

Patronalaren esanetan, eguna "normaltasunez" igaro da. Sindikatuek, bestalde, grebak "arrakasta" izan du denda asko zabalik izan diren arren, langile gutxiago izan dituzte lanean.

Kontsumitzaileek beherapenetako erosketak arazorik gabe egin ahal izan dituzte, pertsianak jaitsi dituzten dendak gutxi izan direlako.

Arabako hiriburuan, dendak ateak ireki dituztenean, 100 langilek informazio piketeen taldea osotu dute eta "Gaur erosketarik ez, greban gaude" eta "800 euroko soldatekin ezin dugu bizi" oihukatu dute.

Piketeak agertu direnean, denda batzuk pertsianak jaitsi dituzte, baina ondoren berriro lanean jarri dira.

Oihana Lasagabaster Arabako Zerbitzuen Federazioko ELAko arduradunak, ostegunean akordiorik lortzen ez bada, gutxienez zeozer aurreratu eta negoziazioa desblokeatzea espero duela adierazi du.

Greba jardunaldia istilurik gabe igaro da. Grebalariek Ertzaintzaren begiradapean egin dute dendetatik ibilbidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea