Ekonomia -
Ozeano Artikoa
Merkantziak Artikoan barrena garraiatzen saiatuko da Maersk konpainia
Itsas garraio enpresa multinazionalak arrain izoztuak eramango ditu Vladivostok hiriko portutik Helsinkiraino, Ozeano Artikoan barrena edukiontziak garraia daitezkeen ikusteko.
Agentziak | Erredakzioa
Ozeano Artikoko bidea erabiliz merkantziak garraiatzeko aurreneko saiakera egingo du Maersk Line Danimarkako itsas konpainiak, nazioartean edukiontziak garraiatzen dituen munduko konpainia nagusiak. Artikoan barrena edukiontziak garraia daitezkeen ikusteko lehen frogak irailean egingo dituzte Errusian, Vladivostok eta San Petersburgo artean, hain zuzen ere.
Venta Maersk ontziak arrain izoztuak garraiatuko ditu Vladivostok hiriko portutik Helsinkiraino, Ozeano Artikoan ezohikoak diren tenperatura altuek izotz geruza puskatzea erraztuko dutelakoan.
"Artikoko bidea itsas edukiontziekin egin daitekeen jakiteko baliagarria izango zaio saiakera hori Maersk konpainiari", konpainiaren bozeramailearen hitzetan, eta "ahalik eta informazio gehien" biltzea espero dutela gaineratu du.
"Gaur egun ez dugu uste orain erabiltzen ditugun ibilbideen aurrean erabil dezakegun beste bide bat izan daitekeenik”, esan du Maersen bozeramaileak, baina etorkizunari begira merkantziak garraiatzeko bide berriak bilatu behar dituztela gaineratu du. Horrela, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea dute helburu, betiere garraiolarien segurtasuna bermatuz eta ingurumena zainduz.
Azken urteotan, nabarmen handitu da Ozeano Artikoaren bidez merkantziak garraiatzeko interesa, gaur egun gehien erabiltzen den Suezko kanalaren aurrean gastuak askoz txikiagoak izan daitezkeelako enpresentzat.