Ekonomia -
Enplegua
Bizkaiak lau enplegu anezka berri zabaldu ditu, 80 langaberi lana topatzen laguntzeko
Bilbon, Ezkerraldean, Eskuinaldean eta Durangaldean zabalduko dituzte anezka berriak. Aurreko edizioetan parte hartu zutenen % 50etik gora lana topatu zuten.
Agentzia | Erredakzioa
Bizkaiak lau enplegu anezka berri zabalduko ditu Bilbon, Ezkerraldean, Eskuinaldean eta Durangaldean. Programa horren helburua 80 langaberi lana topatzen laguntzea da.
Tankera horretako 17 anezka daude lurraldean, eta horiei batuko zaizkie berri horiek. Aurreko edizioetan % 50eko laneratze tasa lortu du programak.
Ezkerraldeko, Eskuinaldeko eta Durangaldeko anezkak Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatu eta finantzatzen ditu. Bilbokoa, berriz, Telefonica eta Santa Maria la Real fundazioek eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen dute.
18 eta 60 urte bitarteko langabeei dago zuzendua programa, ikasketa maila, sektore profesional edo aurretiko lan-esperientzia zein den gorabehera.
Aurretiko izen-ematea urriaren 10era arte egongo da zabalik.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko arduradunak azaldu duenez, anezka berriak "Bizkaian langabeziaren eragina handiena den lau eremuetan kokatzen dira".
Gainerakoen eredu eta funtzionamendu-egutegi bera edukiko dute anezka berriek. Bakoitzean 20 langabek hartuko dute parte. Horiek, astean behin baino gehiagotan bilduko dira eta lan-entrenamendu bat burutuko dute tekniko espezializatu baten orientazioarekin. Honakoak gauzatuko dituzte: adimen emozionaleko tailerrak, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, lan elkarrizketetarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak prestatzea eta enpresetara bisitak.