Ekonomia -
Argindarraren prezioa
Elektrizitateari lotutako zerga bat kenduko dute, argindarraren faktura murrizteko
Espainiako Gobernuak iragarri du datozen asteetan hainbat neurri hartuko dituela argindarraren prezioa murrizteko. Kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du argindarraren faktura ez dela jaitsiko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak elektrizitatearen ekoizpenari ezarritako % 7ko zerga kentzea erabaki du, kontsumitzaileen argindarraren faktura berehala murrizteko helburuarekin. 2012an, Alderdi Popularraren agintaldian, onartu zuten zerga hori.
Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak Kongresuan azaldu duenez, "Espainiako Gobernuak dituen asmoak zeintzuk diren jakinarazteko eta kontsumitzaileen fakturak arintzeko neurririk egokiena da; izan ere, ezin daiteke zama hori kontsumitzaileen gainean jarri".
Riberak iragarri du "datozen asteetan" Espainiako Gobernuak argindarraren prezioaren gorakadari aurre egiteko neurri gehiago hartuko dituela eta, besteak beste, egoera larrienean dauden kontsumitzaileak babestea izango dutela helburu. Ildo horretan, bono sozial elektrikoa hobetuko dutela eta berogailua izateko bono berri bat indarrean jarriko dutela erantsi du.
Espainiako Gobernuak argindarraren merkatua erreformatzeko borondate irmoa duela esan du, eta horretarako zentzuzko zergak ezartzea eta eredu energetiko garbi, eraginkor eta digitalizatuaren aldeko urratsak ematea ezinbestekotzat jo du.
"Ezin dugu inprobisatzen jarraitu, ezta karbonizazioarekin amaitzeko helburuarekin bateraezinak diren partxeak jarri ere. Beteko ez diren itxaropenak sortzen dira horrela eta horrek gerora ondorioak izaten ditu", gaineratu du.
Facuak dio argindarraren faktura ez dela jaitsiko
Bestalde, Facua kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi du Espainiako Gobernuak gaur iragarritako neurriarekin ez dela argindarraren prezioaren gorakadaren arazoa konponduko.
Ruben Sanchez elkarte horretako bozeramailearen hitzetan, neurri horrekin argindarraren faktura ez da murriztuko. "Espainiako Gobernuak ez dio argindarraren oligopolioari aurre egin nahi. Ematen du herrialde honetan konpainia elektrikoek Gobernuak berak baino gehiago agintzen dutela", kritikatu du.
Sanchezek gogoratu du abuztuan argindarraren prezioa % 3 garestitu zela, eta beste horrenbeste egin duela irailean, "eta hori Espainiako Gobernuak iragarritako neurriarekin murriztuko litzatekeena baino gehiago da", salatu du.
"Zerbait gehiago espero genuen, ez asko, baina bai zerbait gehiago", deitoratu du.