Ekonomia -
Bruselaren ultimatuma
Airbnb-ek Europako Batzordearen eskakizunak beteko ditu urtea bukatu aurretik
Bere zerbitzuen prezioen inguruko informazioa hobetzeko konpromisoa hartu du AEBko konpainiak, eta erabiltzaileen eskubideak modu argiagoan azaltzekoa ere.
Agentziak
Europako Batzordeak ostegun honetan iragarri duenez, Airbnb enpresa estatubatuarraren konpromisoa lortu du plataformak bere alokairu zerbitzuen baldintzetan gardentasun handiagoa azaltzeko, baita salneurrien eta jabeen nortasunaren inguruan ere. Airbnb-ek 2018 bukatu aurretik hartuko ditu neurriok.
Alokairua eskaintzen duena gonbidatzaile pribatua edo profesionala (higiezinen agentzia bat, esaterako) ote den argi azaldu beharko du plataformak, kontsumo arauak ezberdinak baitira kasu batean edo bestean.
Bestalde, plataformak erreserba osoaren prezioa aurkeztu beharko du, baita aparteko gastuak ere. Azken prezioa aldez aurretik kalkulatzea ezinezkoa izango balitz, aparteko kostuak izan daitezkeela jakinarazi beharko dio enpresak erabiltzaileari.
Alokairu turistikoen webguneko arduradunek Europako Batzordeari jakinarazi diotenez, aldaketok urriaren 18an sartuko dira indarrean, eta Gabonetarako prest izango dira erabiltzaileentzat.
"Airbnb-ek gardentasun osoa bermatze aldera egin behar dituen beharrezko aldaketak egiteko asmoa erakutsi izana eskertzen dut, horrela ulertuko baitute kontsumitzaileek zer ari diren ordaintzen", esan du Vera Jourova Europako komisarioak.
Uztailaren 16an, Europako Batzordeak ultimatum bat bidali zion konpainiari bezeroei emandako zerbitzuen informazioa hobetu dezan, eta bestela isuna ezarriko ziola iragarri zion.