Ekonomia -
Greba orokorra
Zerbitzu minimoak legearen araberakoak direla berretsi du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, ostegunerako deitu duten greba orokorrerako zerbitzu minimoak legearen araberakoak dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailak jakinarazi duenez, ostegunerako deitu duten greba orokorrerako zerbitzu minimoak legearen araberakoak dira. Gainera, aurreko deialdietako irizpide berdinetan oinarrituta daudela azpimarratu du.
Patxi Lopezen Gobernuak ezarritako zerbitzu minimoen kontrako errekurtsoa aurkeztu zuten ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, "neurriz kanpokoak" zirela salatuz.
Sindikatuen aburuz, zerbitzu minimo horiek ez dituzte betetzen "aurretik irabazitako epaiak". Lan eta Gizarte Gaietako Sailak adierazi du, berriz, epai hauek kontuan hartu dituela. Eusko Jaurlaritzaren ustez, "epai horiek ez dute aipatzen Jaurlaritzak ezarritako ehunekoak aldatu behar dituenik".
Maiatzaren 25eko greba deialdiaren harira, "eguneko zentroetako, garraioen eta hezkuntza zentro ez unibertsitarioen zerbitzu minimoak hobeto argitzea" eskatu zion EAEko Justizia Epaitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzari.