Ekonomia -

Pentsioen erreforma

Sindikatu abertzaleek greba orokorra deitu dute urtarrilaren 27rako

ELAk, LABek, STEE-EILASek, EHNEk eta HIRUk bat egin dute EAEra eta Nafarroara zabaldutako deialdiarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatu abertzaleek greba orokorra deitu dute EAEn eta Nafarroan urtarrilaren 27rako pentsioen erreformaren kontra.

Iruñean egindako bilera baten ondoren eman dute greba deialdiaren berri Adolfo Muñoz Txiki ELAren idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak.

Adolfo Muñozek esan du urtarrilaren 28an Zapaterok "Errege Lege Dekretua" eraman nahi duela ministroen kontseilura pentsioen erreforma onartzeko eta Gobernuko presidenteari ez zaiola "inporta Toledoko Ituna eta Espainiako elkarrizketa soziala". "Gauza bat bakarrik inporta zaio, ministroen kontseiluak onartuko duen Errege Lege Dekretua Kongresuak onartzea", Muñozen esanetan.

ELAren buruzagia oso kritiko agertu da pentsioak kalkulatzeko epea luzatzeko aukerarekin, "pentsioa izateko 20 urteko kotizazioa eskatuko dutelako". "Kontratu prekarioak dituztenak bidetik kenduko dituzte, lanean hastea zailduko dute jende gutxiago nahi dutelako pentsioarekin eta pentsioaren baldintzak ere okertu egingo dituzte", salatu du.

Muñozen arabera, klase politikoak "eraikitzea horrenbeste kosta zaiguna eraitsi nahi du azkar, finantzen boterearen handinahiaren aurrean etsi egin dute eta sindikalismoari greba ondo egiten ahalegintzea besterik ez zaio gelditzen".

ELAren idazkari nagusiak azpimarratu du pentsioen arazoa ez dela "dirua, negozia baizik" eta "orain duela 20 urte baino diru gutxiago" gastatzen ari direla pentsioetan, nahiz eta orain "duela 15 urte baino 1,3 milioi pentsiodun gehiago egon".

Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak, bere aldetik, uste du urtarrilaren 28an onartuko duten erreformarekin "pentsioa izateko eskubidea deuseztatuko" dela "praktikan" eta ohartarazi du sindikatuak "ez direla begira geratuko eskubideak kentzen dizkiguten bitartean". "Ez diegu esan nahi datozen belaunaldiei pentsioak kenduko dizkietela", adierazi du Etxaidek.

LABen buruzagi nagusiak uste du "pentsioak" direla "gizarte ereduaren zutabea". Etxaideren esanetan, "eredu soziala hankaz gora jarri nahi dute, baina Euskal Herrian ez dute lortuko, greba orokorra egingo dugu eta ez da arduradun politikorik geratuko pentsioen erreforma babesteko zilegitasuna duena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea