Ekonomia -
EINren inkesta
10.600 langabe gehiago izan dira Euskadin 2010eko azken hiruhilekoan
Halere, urtetik urterako tasa kontuan hartuta, langabeziak % 6,7 egin du behera, aurreko epe berdinarekin alderatuta. Estatuan, langabezia-tasa % 20,33an kokatu da, 370.000 langabe gehiagorekin.
Erredakzioa
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Euskadin 10.600 langabe gehiago izan dira iazko azken hiruhilekoan, hau da, lan egiteko prest dauden pertsonen % 10,89.
Aipatutako inkestak jakinarazi duenez, 2010eko azken hiru hilabeteetan, Euskadin, 1.054.400 pertsona aktibo zeuden, horietatik 114.900 langabezian, eta aurreko hiruhilekoan 104.300 izan ziren.
Aurreko urteko hiruhileko berdinarekin alderatuta, langabeziaren igoera handiena izan duten erkidegoen artean dago Euskadi, hain zuzen, zazpigarren dago sailkatuta. Hala ere, urtetik urterako tasa kontuan hartuta, % 6,7 egin du behera langabezia-tasak, 2009ko urria, azaroa eta abenduarekin alderatuta. Horrela, Euskadi eta Valentzia dira, datuak alderatzerakoan, zenbaki negatiboak izan dituzten erkidego bakarrak.
Halaber, 2010ean 2009an baino 370.000 pertsona gehiago izan dira Estatuan langabezian, % 8,5 gehiago, alegia. Gauzak horrela, 4.696.600 langabe daude guztira eta tasa % 20,33an kokatu da, aurreko urtean baino 1,5 puntu gehiago, Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Langabezia-tasa 2001ean hasi zen serie bateko mailarik altuenera heldu da aurten. Atzerago begiratuz gero, alderatu ezin diren serieak oinarri hartuta, 1997tik ez da horrelako mailarik lortu; tasa % 20, 72an kokatu zen orduan. Langabe kopurua bera ere, halaber, inoiz izandako mailarik altuenean da.
Horrela, iazkoa laugarren urtea da langabe kopuruak gora egiten duela jarraian. 2007an, 117.000 gehiago izan ziren; 2008an, 1.280.300 langabe gehiago eta, 2010ean; 370.100 gehiago.