Ekonomia -

Ministroen Kontseilua

Rubalcaba: 'Pentsioen akordio malguak lanpostuak sortuko ditu'

"Jasangarritasunaren" faktorea barneratzen du erreformak aurrenekoz, bizi-itxaropena kontuan hartuz bost urterik behin sistema berriz aztertzeko, Valeriano Gomez Lan ministroak azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsioen erreformaren inguruan agente sozialekin lortutako akordioa "malgua" dela adierazi du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak. Akordioak ekonomia suspertzen eta lanpostuak sortzen lagunduko duela erantsi du Rubalcabak. Era berean, Espainian eta Estatutik kanpo konfiantza igorriko duela esan du agintariak.

Ministroen Kontseilua egin ostean prentsaurreko bateratua eman dute Rubalcabak eta Valeriano Gomez Lan ministroak. Lortutako akordioa partziala, baina "benetakoa" dela azaldu du presidenteordeak. Etorkizuneko itun ekonomiko eta sozial global baten parte dela adierazi du.

Presidenteordearen hitzetan, pentsioen akordioaren helburua sistema publikoa indartzea da. Gaur 35, 40 edo 45 urte dituzten herritarrek "hil arte" euren pentsioak kobratzea bermatu nahi du erreformak, gaineratu du Rubalcabak.

Goizaldean akordioa itxi izanagatik agente sozialak zoriondu ditu Rubalcabak, eta ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sortzeko "oso garrantzitsua" eta "ezinbestekoa" dela adierazi du.

Lan ministroa

Bestalde, "jasangarritasunaren" faktorea barneratzen du pentsioen erreformak aurrenekoz, bizi-itxaropenean ematen diren aldaketak kontuan hartuz bost urterik behin sistema berriz aztertzeko, Valeriano Gomez Lan ministroak azaldu duenez.

Jasangarritasunaren faktorea 2027an sartuko da indarrean, Gomezek zehaztu duenez. "Funtsean", bizi-itxaropena aldatzen den bakoitzean, pentsioen sistema berriz aztertuko dute "oreka" mantentzeko, Lan ministroak erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea