Ekonomia -
Espainiako Gobernua
Elektrizitatearen ekoizpenaren gaineko zerga bertan behera utziko dute sei hilabetez
Eskari elektriko handieneko hilabeteetan bertan behera uztea erabaki dutela eta, horrek, etxeko kontsumitzaileei % 4ko aurrezpena ekarriko diela azaldu du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du sei hilabetez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko % 7ko zerga; baita, ekoizpen elektrikorako hidrokarburoen gaineko zerga ere, argindarraren prezioa merkatzeko helburuarekin.
Eskari elektriko handieneko hilabeteetan bertan behera uztea erabaki dutela eta, horrek, etxeko kontsumitzaileei % 4ko aurrezpena ekarriko diela azaldu du Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak.
Espainiako Gobernuak pobrezia energetikoa saihesteko premiazko neurrien lege dekretua aurkeztu du ostiral honetan.
Hori horrela, elektrizitateko handizkako merkatuan prezioa moteltzeko helburuarekin, 2012an PPko Gobernuak ezarritako zerga bertan behera uzteko erabakia hartu du Pedro Sanchezen Gobernuak.
Halaber, "zentimo berdea" delako Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezian ere aldaketak ezarriko ditu. Zerga hori hidrokarburoen energia iturrien erabilera saihesteko ezarri zen, baina horrek elektrizitatearen garestitzea ekarri du handizkako merkatuan.
Riberak Ministroen Kontseilu osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, neurririk ez bada hartzen, argindarraren fakturak % 3,6 igo lezake urte amaieran, iazko datuekin alderatuta.
Hartara, 2.600 kilowatt kontsumitzen dituzten etxebizitzetan igoera 23,4 eurokoa izan liteke 2018 osorako, merkatuko prezioen arabera; orduko 3.600 kilowatt kontsumitzen dituztenetan, berriz, 32,4 eurokoa, Ministerioak egindako kalkuluek erakusten dutenez.
Hain zuzen ere, errege dekretu-legean finkatutako bi neurri fiskal horiekin, azken lauhileko argindarraren fakturaren igoera % 25 murriztuko dutela aurreikusi du Gobernuak. Hala balitz, orduko 2.600 kilowatt kontratatu dituzten etxebizitzetan 6,2 euro jaitsiko litzateke fakturaren zenbatekoa, eta 3.600 KW-ko kontratua dutenetan 8,5 euro.
Hala eta guztiz ere, Teresa Riberak esan du bi neurri fiskal horiek behin-behinekoak direla, eta behin sei hilabete horiek igarota Gobernua neurri estruktural berriak adosten saiatuko dela, merkatuaren funtzionamendua berritzeko eta energiarekin lotutako zerga-sistema berrikusteko.