Ekonomia -

Ekitaldia

Gobernuak, patronalak eta sindikatuek itun soziala sinatu dute

Akordioarekin elkarrizketa sozialari ekingo diote berriro. Era berean, enplegu politika aktiboen eta pentsioen erreforma aurreikusten du eta negoziazio kolektiboaren oinarriak ezartzen ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak eta agente sozialek itun sozial eta ekonomikoa sinatu dute gaur enplegua sortzea eta pentsioak bermatzea helburu. Era berean, lan, energia, industria eta berrikuntza alorrean akordioak suposatuko ditu gaurko sinadurak.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea buru, itun soziala sinatzeko ekitaldia egin dute gaur Moncloa Jauregian Valeriano Gomez Lan ministroak, Juan Rosell CEOEren presidenteak, Jesus Terciado CEPYMErenak, eta Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOren eta UGTren idazkari nagusiek.

Akordioari esker elkarrizketa sozialari ekingo diote berriro Gobernuak, patronalak eta sindikatuek, eta era berean, enplegu politika aktiboen erreforma ekarriko du eta negoziazio kolektiboaren oinarriak ezarriko ditu.

Gobernuak eta agente sozialek sinatutako itunak pentsio sistemaren erreforma ere ekarriko du, eta erretiro adina 67 urtera atzeratuko.

Dena dela, itun soziala Parlamentuak eztabaidatu beharko du aurrerago.

Zapaterok talde-lana txalotu du

Zapatero presidenteak esan du "emaitza onenak talde-lana eginez" lortzen direla eta gaur sinatutako akordioa pauso berri bat dela ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko.

Zapaterok txalotu egin du alde guztien jarrera konstruktiboa eta borondate ona, izan ere, momentu batzuetan oztopoek "gaindiezinak" ziruditen eta "eskerrik beroenak" eman dizkie sindikatuei eta enpresariei eduki duten jarreragatik.

Itun sozialak lehenbailehen berreskuratu behar zirela ziur zegoela esan du Espainiako presidenteak.

UGT eta CCOO: krisia gainditzeko aukera

Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo UGTren eta CCOOren idazkari nagusiek esan dute ituna krisi ekonomikoa gainditzeko eta konfiantza berreskuratzeko aukera dela.

Mendezek ziur adierazi du akordioa Espainiaren ekonomia, gizarte eta konfiantza krisiari aurre egiteko "irtenbide eraginkorra" dela. Gainera, bitartekariek eta alderdi politikoek ekonomia altxatzeko duten zilegitasuna indartu duela iritzi dio.

Toxok, bere aldetik, uste du akordioa ixteko egin duten esfortzuak "merezi" izan duela, eta ez dela pentsioei buruzko akordioaren "estalkia", eduki guztiek esan nahi propioa dutela baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea