Ekonomia -
Zapatero-Mas bilera
Zorpetzeko baimena eman dio Kataluniari Gobernuak
Gobernuak epe luzerako zorpetze operazioak baimenduko dituela iragarri du Artur Mas Generalitateko presidenteak.
Erredakzioa
Datozen egunetan Gobernuak Katalunian epe luzerako zorpetze operazioak baimenduko dituela iragarri du Artur Mas Generalitateko presidenteak. Azpiegituretan egin beharreko inbertsioak berriro martxan jarriko dituztela erantsi du. Guztira, ia 759 milioi euroko inbertsioa.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen eta Masen arteko bilerak bi ordu eta erdiko iraupena izan du. Kataluniako Gobernuak Egonkortasun Egitasmoa onartu baino lehen, epe luzerako zorpetze operazioen zati bat martxan jarriko dutela esan du Masek.
"Egungo Generalitateak konfiantza zabal dezake, jende serioa gara eta konpromisoak eta eginbeharrak betetzen ditugu. Horretarako prest gaude, baina kontrapartidak beharrezkoak dira. Gobernu zentralaren eta Generalitatearen arteko lankidetza egon behar du, eta horretan gaude", adierazi du Masek.