Ekonomia -

2019ko kontuak

Aurrekontuen inguruan 'hitz egiten jarraitzea' adostu dute EAJk eta EH Bilduk

Desadostasun handiena diru kopuruan dute bi alderdiek. Otegiren arabera, lehentasun kontua da. EAJk 'proposamena berregokitzeko' eskatu dio EH Bilduri.

Bi alderdietako ordezkariak, Sabin Etxean egindako bileran. EFE
Bi alderdietako ordezkariak, Sabin Etxean egindako bileran. EFE
EAJk eta EH Bilduk Aurrekontuei buruz 'hitz egiten jarraitzea' adostu dute

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hitz egiten jarraituko dugu". Halaxe laburbildu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak EAJko ordezkaritza batekin gaur 2019ko Aurrekontuen inguruan izan duten bileraren emaitza. Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gutxienez beste alderdi baten babesa behar dute EAEko kontuak aurrera ateratzeko. EH Bilduri proposamena "berregokitzeko" eskatu dio, bestalde, EAJk.

Bilera Sabin Etxean egin dute bi alderdiek. Koalizio subiranistaren izenean Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena izan dira. Batzar horren ondotik, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin ere batzartuko direla iragarri du Otegik.

Koalizioak aurrekontuetarako proposamena aurkeztu die jeltzaleei. Proposatutakoak 420 milioi euroko inbertsioa dakar. 350 milioi euro "pentsiorik baxuenak dituztenen bizi-baldintzak hobetzera" daude zuzenduta, eta beste 70 milioi euro, "kalitatezko" enplegua sortzera, "prekarietate handiena bizitzen ari direnei" arreta berezia eskainiz, hau da, "emakumeei, gazteei eta epe luzeko langabeei".

"Ideia oso sinplea da: ezberdintasun sozialak azalerazten zituzten aldarrikapen ugari entzun genituen gure kaleetan: emakumeenak, pentsiodunenak, gazteenak... Ezberdintasun horiek zuzentzen hasteko proposamena egin dugu", azaldu du Otegik.

 

 

Buruzagi abertzalearen esanetan, EAJk "antzeko diagnosia egin du, baina ezberdintasun nagusiak zuzenketak egiteko behar den diru kopuruan ditugu". Hala, EH Bilduren koordinatzaile nagusiak aitortu du "zailtasun batzuk" azaldu direla negoziazioan, baina halere, "aukera paregabea" dagoela Euskadik "aurrekontu sozial batzuk edukitzeko".

Era berean, Azpiazuk egindako adierazpenak kritikatu ditu Otegik. Sailburuaren arabera, "ez da bideragarria" pentsio baxuenak konpentsatzeko koalizioak proposatutako 350 milioi erabiltzea. Otegik gogorarazi duenez, "aurten 239 milioi euro bideratzen ditu Gobernu honek zorra ordaintzeko, EAE gutxien zorpetutako Estatuko erkidegoa den arren. Beste adibide bat, urtero 5000 milioi ordaintzen dizkiogu Espainiako Armadari. Ezin daiteke esan 11.700 milioiko aurrekontu batetik 420 miloi gastatzea bideragarria ez dela. Pentsiodunei eta emakumeei helarazten diegun mezua eurentzako ez, baina beste gauza batzuetarako dirua badagoela delako".

EAJren balorazioa

Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak prentsaurrekoan azaldu ditu bileraren nondik norakoak. Otegik esandakoaren ildotik, desadostasun nagusia proposamenak jasotako diru kopuruan dute.

Jeltzaleen ustez, EH Bilduren proposamenak "aurrekontu eta eskumen arloan ezarritako mugak gainditzen ditu". Gogorarazi dutenez, Jaurlaritzak ez du pentsioen gaineko eskuduntzarik.

Gorospe: 'EH Bilduk proposamena berregokitu beharko luke'

 

Hori horrela, proposamena "berregokitzeko" eskatu dio EH Bilduri. "Berregokituz gero, akordioa lortzeko aukerak daude. Negoziazio batean alde guztiek eman behar amore dute zerbaitetan", erantsi du. Gorosperen esanetan, "ez da posible Jaurlaritzaren gizarte politikak iraultzea, gaur gaurkoz aurrekontuen % 80 horretara bideratuta daudelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Aurrekontuen azken ordukoa