Ekonomia -
Kutxa gotor elektronikoa
Euskadiko Kutxak, Eroskik eta Lagun Arok bat egin dute Metapostarekin
Metapostak postontzia eta kutxa gotor elektronikoa abiaraziko ditu Interneten, euskal hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izan dezaten.
Erredakzioa
Euskadiko Kutxak, Eroskik eta Lagun Arok (Mondragon taldeko enpresak) Metaposta zerbitzua erabiliko dute, Eusko Jaurlaritzarekin sinatu duten akordioaren ondoren
Metapostak postontzia eta kutxa gotor elektronikoa abiaraziko ditu Interneten, euskal hiritarrek agiriak doan jaso eta gordetzeko aukera izan dezaten. ''Euskadi Informazio Gizartean 2010 Plana''ren baitan jorratutako proiektua da.
Euskadiko Kutxa, Eroski Taldea eta Lagun Aroren ordezkariek Metapostarekin bat egiteko hitzarmena sinatu dute gaur.
2010ean eratu zen Metaposta elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa.
Jaurlaritzak azaldu duenez, etxeetako ohiko postontziak iraganeko kontu bilakatuko dira "Interneteko kutxa gotor elektronikoak" garatu ahala. "Sistema berri honen hedapenak erakundeekin, negozioekin edota bankuekin zerikusia duen korrespondentziaren eta faktura guztien desagerpena ekar lezake".