Ekonomia -

Manifestazioa

Pentsiodunek dei egin dute abenduaren 15eko manifestazioan parte hartzera

Pentsiodunek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, aurrekontuak onartu ditzaten presioa egiteko.

Pentsiodunak astelehen honetan, Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunak astelehen honetan, Bilbon. Argazkia: EFE
Pentsiodunak astelehen honetan, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 15ean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo diren manifestazioetan parte hartzera dei egin du astelehen honetan Bizkaiko Pentsiodunen Plataformako koordinatzaileak; EAEn, Nafarroan eta Estatuan aurrekontuen negoziazioan ari diren alderdiei "presionatzeko", "kontuak ez badira onartzen datorren urteko pentsioak airean egongo baitirelako", esan dute.

Ehunka pentsiodun elkartu dira, astelehenero bezala, Bilboko udaletxearen eskaileretan, Bizkaiko Pentsiodunen Plataformak deituta.

Jon Fano koordinakundeko kidearen hitzetan, "presioa egiten eta mobilizazioarekin soilik lortuko dugu orain arte Madrilgo zein EAEko administrazioak proposatutako baldintzak aldatzea"; hori dela eta, abenduan aurrekontuen negoziazioak pil-pilean egongo direla ikusita, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan mobilizazioak egiteko une aproposa da", gaineratu du.

"Ez dugu itxaropena galdu behar, eta Madrilgo zein Euskal Herriko gobernuak presionatzen jarraitu behar ditugu 1.080 euroko gutxieneko erretiro-pentsioa lortzeko". Hori horrela, abenduaren 15eko mobilizazioa "behar-beharrezkoa eta oinarrizkoa" dela esan du, eta ildo horretan, "kaleak jendez busti behar ditugu gobernuak presionatzeko eta gure eskakizunak nola edo hala onartzeko".

Koldo Mendez Bizkaiko pentsiodunen plataformako kidearen esanetan, "nahikoa dirua dago"; eta, hilabetero Gizarte Segurantzako langileek "Madrildik argibideak jasotzen dituzte bildutako dirua Ministerio bat edo bestetara desbidera dezaten". "Non dago gure diruaren kontabilitatea?", galdetu du, eta ondoren, "dirua espekulatzaileen esku dagoela" gaineratu du.

"Aspertuta gaude pentsioetarako dirurik ez dagoela entzuteaz, dirua bankuak eta autobideak erreskatatzeko edo herri-zorra erosteko erabili izana gure erantzukizuna izango balitz bezala", esan du Andrea Uñak. Ildo horretan, "pentsioen kutxa pentsioak ordaintzeko dela" azpimarratu du eta "erreforma fiskala eta lan merkatuarena beharrezkoa dela gaineratu du.

Bestalde, Uñak mezu "alarmistak" baztertu eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak "ezinezkoak direla" edo "legeak bertan behera ezin direla utzi" ukatu ditu. "Mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu eta ez ditugu gure eskakizunak murriztuko; Madrilgo, Euskadiko eta Nafarroako gobernuen aurka lehiatzen jarraituko gara", esan du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Nafarroako Gobernua Pentsioak