Ekonomia -

LAN ESKAINTZA PUBLIKOA

Bizkaiko Foru Aldundiak 308 administrari postu betetzeko prozesua abiatu du

Berritasun gisara, eskaerak modu telematikoan bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta azterketak (teorikoa eta praktikoa) egun bakarrean egingo dira.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dagoeneko zabalik dago Bizkaiko Foru Aldundiaren Administrazioko langile izateko oposizioan izena emateko epea. Zehazki, 308 lanpostu atera ditu Aldundiak, 2015etik 2017ra bitartean egindako lan-eskaintza publikoetan hutsik gelditu zirenak. Aurten, berritasun gisa, eskaerak modu telematikoan bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta azterketak (teorikoa eta praktikoa) egun bakarrean egingo dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, 308 lanpostu horiez gain, legegintzaldia amaitu aurretik ia beste hainbeste lanpostu publiko eskainiko ditu (600 inguru guztira).

Bete gabe gelditu ziren eta orain bete nahi dituzten 308 lanpostu horietako 275 eskaintza librekoak izango dira; 15, desgaitasunen bat dutenentzat; 16, barne promoziokoak, eta 2, barne promoziokoak baina desgaitasunen bat dutenentzat.

Lanpostu horietarako prozesuan parte hartu ahal izateko, Batxilergoko titulua edo teknikoa behar da. Gainera, parte-hartzaileek informatikan ezagutzak dituztela egiaztatu beharko dute, eta, lanpostuaren arabera, baita dagokion euskarazko perfila ere. Horrez gain, merituak edota administrazio publikoan lan egindako urteak ere aintzat hartuko dira.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak bulego bat zabaldu du Aldundiaren liburutegian, horretan interesa dutenei aurrez aurreko arreta eskaintzeko eta, behar badute, eskaera egiten laguntzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioko lan-eskaintza deialdiari buruzko informazio guztia webgunean dago ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Lana berriak Funtzionarioak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Lan-eskaintzak gaur