Ekonomia -
Ontziola, arriskuan
Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza La Navaleko langileekin bilduko dira astelehenean
Arantxa Tapia sailburuak iragarri du batzarra. Aurreratu duenez, enpresaren akzioak erosiko dituen 'talde publiko-pribatu' bat osatzeko lanetan ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Van Oord armadore holandarrak asteon iragarri duenez, Vox Alexia ontzia ez dute Sestaon amaituko. Erabakiak kinka larrian utzi du La Naval Sestaoko ontziola (likidazio prozesuan dago, eta bizirauteko ontzi hori amaitzea zen giltzarri). Hain justu, egoera aztertzeko bilera egingo dute astelehenean Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek La Navaleko enpresa batzordearekin, Bilbon.
Iragarpena Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua egin du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak kontrolerako saioan egindako galdera bati erantzunez.
Casanovak ohartarazi duenez, Jaurlaritzak neurriak hartzen ez baditu, "aurki itxiko ditu ateak La Navalek". Hori horrela, bi gobernuak, akziodunak eta langileen ordezkariak bilduko dituen mahai bat osatzea eskatu dio Tapiari, ontziolaren etorkizuna bermatze aldera.
"Ez jarraitu denbora galtzen. Erreskate publikoa egiteko garaia da, erakundeek la Naval erosteko garaia. Inbertsore pribaturik ez badago, 'B planen bat' eduki beharko duzue. Egin egin beharrekoa, eros ezazue La Naval, salba ezazue", esan dio Tapiari.
Tapiaren erantzuna
Erantzunean, Sestaoko ontziola "egoera txarrenean" dagoela deitoratu du sailburuak, buru duen Sailak ontzia Sestaon egiteko "eginahalak egin dituen arren".
Argitu duenez, gaur gaurkoz irtenbideen bila ari dira, eta horien artean, ontziolaren akzioak erosiko dituen "talde publiko-pribatu bat" osatzeko lanetan ari dira.
Tapia, Urkullu lehendakariaren eta Darpon eta Azpiazu sailburuen ondoan, Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Tapiaren hitzetan, La Navalen erreskate publikoa ez da legezkoa, eta beraz, ez da posible. Horren ordez, "erantzukizunez eta zorroztasunez" lan egingo dutela hitz eman du.
Juanjo Llorden enpresa batzordeko idazkariak gonbidatuen jarlekuetatik jarraitu du bilkura. Kazetarien galderei erantzunez azaldu duenez, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak deitu du bilera. Hitzorduan honakoak izango dira bi gobernuen ordezkari: Raul Blanco Industria estatu idazkaria, Vicente Reyes Espainiako Gobernuak Bizkaian duen ordezkariordea eta Iñaki Tellechea SPRI Taldeko Enpresa Sustapenerako zuzendaria.
"Jaurlaritzak erantzukizun instituzionala du, baina Espainiako Gobernuak pribatizatu zuen ontziola. Irtenbide politiko bat behar dugu, eta Gobernu zentralari dagokio gu erostea, adierazi du.
ELAk, CCOOk eta LABek Jaurlaritzaren inplikazioa eskatu dute
Bestalde, auzi honetan Eusko Jaurlaritzaren esku hartzea eskatu dute ELA, CCOO eta LAB sindikatuek.
Ohar batean, Arantxa Tapia buru duen Sailarekin oso kritiko azaldu da ELA. Horren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila "rol aktiboa izaten ari da La Navalen behin betiko itxiera sustatzeko orduan". Sindikatuak salatu duenez, Tapiak behin eta berriz dio ontziolak "inbertitzaile serio" bat behar duela, baina ez du kontuan hartu "Ingeteam eta Astilleros Murueta enpresak zuzendaritzan egon direla, eta ez die kargu hartu".
Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak harago jo eta "instituzioen arteko ekimen bateratua" galde egin du: "Jaurlaritza, udalak, Espainiako Gobernua eta Europako erakundeak, denak inplikatu behar dira". Sordoren iritzian, inbertitzailea bilatu egin behar da. "Bilatze lan bat da, erabat sinetsita, akordioetara heldu behar da langileekin. Normalean Gobernuek egiten dute, baina kaleetatik, mobilizazioen bitartez, horretara bultzatu behar ditugu", erantsi du.
Azkenik, La Navalen auzian "instituzioen utzikeria eta kudeaketa kaskarra" kritikatu du LAB sindikatuak ohar batean. Sindikatu abertzaleak "ez daki Jaurlaritzak La Navalengan sinesten ote duen. Inbertitzaile bat iragarri zuten, baina ez zen agertu, orain ez dute Van Oord konbentzitu. Kudeaketa negargarria egin dute".