Ekonomia -
2019ko aurrekontuak
Arabako aurrekontu proiektua % 7,5 hazi da 517 milioi euroraino
Aldundiaren 2019rako aurrekontuei esker, inbertsioak eta gizarte politikak sendotuko dira Araban.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiaren 2019rako aurrekontu proiektuaren arabera, 517,12 milioi euro bideratuko dituzte aurrekontuetara datorren urtean, guztira, iaz baino % 7,5 gehiago (36,1 milioi euro gehiago).
Sail guztietan egin du gora, baina nabarmentzekoak dira toki erakundeak finantzatzeko izandako gorakada, 275 milioi euro (% 10 gehiago); Foru Gobernuak (EAJ-PSE) 111,6 milioi euro bideratu ditu inbertsioetara (aurten baino % 16,4 gehiago), eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakunderako aurrekontua, 212 milioi eurotik gorakoa (% 4,12).
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak datorren urteko aurrekontuak aurkeztu ditu astearte honetan, eta Batzar Nagusietan eztabaidatuko dituzte hemendik aurrera.
"2019rako, inbertsioak eta gizarte politikak sendotuko dira: hazten ari den lurraldea gara, etorkizuna duena jomugan, eta, non bizi gorabehera, arabar guztien beharrak ase nahi dituena", esan du Gonzalezek, Jose Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatua ondoan zuela.
Arabako Foru Aldundiaren aurrekontua kopuru historikoetara iritsi da: 517,12 milioi euro guztira, iaz baino % 7,5 gehiago (36,1 milioi euro gehiago). Hain zuzen, "segida historikoan, 2011n bakarrik gainditu ziren kontu horiek, orduko hartan, 518 milioi euroko aurrekontu erabilgarria lortu baitzen, zorra baliatuz. 2019rako, berriz, aurreikusi da gastu ahalmen hori lortzea zorrera jo gabe, eta zor metatuaren zati bat amortizatuta ere bai", azaldu du Gonzalezek.
Aurrekontu erabilgarri errealak aldundiaren sail guztietan egin du gora, hau da, arlo guztietan egin dute gora aldundiaren inbertsioak eta proiektuak. Esate baterako, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Sailaren aurrekontua % 7,82 hazi da (udalerri eta kontzejuen finantzaketa); Ingurumen Sailarena, % 9,68; eta gora egin du Euskara, Kultura eta Kirol Sailarenak ere (% 8,84), besteak beste, Artiumen inbertsio gehiago egitea, artelan gehiago erostea eta euskarari laguntza handiagoa ematea jasotzen baitu. "2019an haziko ez den bakarra zorra da", esan du diputatu nagusiak, laburbiltzeko.