Ekonomia -

Heriotzak lanpostuan

Lan-istripuetan hildakoek ia % 43 gora egin dute Euskadin

Lantokietan 30 hildako zenbatu ditu Osalanek urrira arte, iaz baino 9 gehiago.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-istripuetan, 30 behargin hil dira lantokietan eta lanaldian zehar urrira arte, iaz baino 9 gehiago, Lan Sailak jakitera eman duenez. Honenbestez, heriotzek % 42,9 egin dute gora.

In itinere hildakoak, ostera, hiru izan dira, iaz baino 4 gutxiago. Ondorioz, % 57 behera egin dute.

Urtarriletik urrira bitartean gertatutako lan-istripuen inguruko datuak aurkeztu dituzte Jon Azkue Lan sailburuordeak eta Alberto Alonso Osalan institutuko zuzendari nagusiak, nazioarteko lan segurtasun eta osasun biltzarrean, Bilbon.

Istripuen gorakada bat islatzen du estatistikak, batez ere, lanaldiaren barruan. Azkueren eta Alonsoren hitzetan, lan merkatura heldu berri diren beharginen trebakuntzarekin zerikusia izan dezake.

Zentzu horretan, langileak trebatzeko beharra “zero minututik” ematen dela azpimarratu du Osalaneko zuzendariak.

Behin-behinekotasunak “ez du laguntzen”, sailburuordeak erantsi duenez. Kontratuak zenbat eta luzeagoak izan langileak trebatzeko aukera handiagoa da.

Datuen arabera, baja behar izan zuten ezbeharrek 29.965 izan ziren urrira arte, 2017an baino % 2,7 gehiago. Horietatik 28.620 istripu berriak izan ziren, eta 1.345 berrizkaturak.

Baja behar izan zuten istripuetatik 25.244 lanaldian eta 3.196 in itinere gertatu ziren.

Lanaldian zehar gertatutako istripuek utzitako 30 hildakoetatik 5 Araban izan ziren, 18 Bizkaian eta 7 Gipuzkoan.

Bestalde, urtarrila-iraila epean baja behar izan duten 1.099 gaixotasun profesional zenbatu dituzte Euskadin, iaz baino % 11,3 gutxiago.

Jon Azkue sailburuordeak nabarmendu duenez, ez daude datuokin batere pozik; izan ere, helburua “zero istripu” da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak