Ekonomia -
EUSTAT
Ikerketa eta Garapenean egindako gastua % 5,6 igo zen iaz EAEn
2010etik izandako igoerarik handiena da. Guztira, 1.363,2 milioi euro inbertitu ziren Ikerketa eta Garapenean (I+G).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikerketa eta Garapeneko egindako inbertsioak gorakada izan zuen iaz Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, 2017an 1.363,2 milioi euro inbertitu ziren Ikerketa Zientifikoko eta Garapen Teknologikoaren (I+G) jardueretan, aurreko urtean baino % 5,6 gehiago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur zabaldutako datuen arabera. 2010etik izandako igoerarik handiena da.
Bigarren urtez jarraian, Ikerketan eta Garapenean egindako gastuak gora egin du, hiru urtez behera egin ondoren.
Alor horretan aritzen diren langileen kopuruak ere gora egin du. Guztira, 18.577 langile aritu dira, aurreko urtean baino % 3,8 gehiago. Batez ere, ikertzaileen kopurua hazi da, 2017an baino % 5,8 gehiago eta 2008an baino % 30,8 gehiago. Iaz 12.608 ikertzaile zeuden; 2008an, 3.000 gutxiago.
Datuak sektorez sektore aztertuta, enpresetan zeuden 18.577 langile horietatik 13.154 (% 70,8); Goi-mailako Irakaskuntzan, 4.140 (% 22,3), eta Herri Administrazioan, 1.283 (% 6,9).
Gastuaren zatirik handiena (1.023,2 milioi, % 75,1) enpresek egin zuten, eta Goi-mailako Irakaskuntzan (237,1 milioi, % 17,4) eta Administrazioaren organismoetan eta beste guztietan ere izan ziren gastuak (102,9 milioi, % 7,5).
Ikerketa eta Garapenean egindako gastua Barne Produktu Gordinaren % 1,85 izan zen iaz, aurreko urtean baino lau ehunen gehiago. Europar Batasuneko batez besteko datuekin alderatuta, txikiagoa izan zen Estatuan, EBn % 2,07koa izan baitzen.