Ekonomia -

Auzitegi Nazionalean

Rato eta beste 33ren kontrako epaiketa, Bankiako burtsako irteeragatik, astelehenean

Astelehenean hasiko da, Auzitegi Nazionalean, Aznarren garaiko bi ministro ohiren eta Bankiako beste zenbait goi-kargu ohiren kontrako epaiketa historikoa.

Rodrigo Rato / Artxiboko irudia: EITB.
Rodrigo Rato / Artxiboko irudia: EITB.
Rodrigo Rato / Artxiboko irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean hasiko da Bankia burtsara irtetean ustez izandako irregulartasunen epaiketa. 34 dira akusatuak (pertsona fisikoak eta juridikoak). Bost urteko instrukzioaren ostean, San Fernando de Henareseko (Madril) Auzitegi Nazionalaren egoitzan eseriko dira.

Akusatuen artean dago Rodrigo Rato, Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia, NDFaren zuzendari kudeatzaile ohia eta Bankiako presidente ohia. 12 urte eta erdi arteko kartzela zigorra eskatzen dute berarentzat. Gaur egun Soto del Realeko kartzelan dago, Caja Madrideko black txartelen auzian bidegabeko jabetzeagatik zigorra betetzen.

Ratorekin batera daude Jose Luis Olivas, Bankiako presidente ohia (12 urteko kartzela zigorra), Jose Manuel Fernandez Norniella eta Francisco Verdu Pons kontseilari ohia, eta Angel Acebes Barne ministro ohia eta Javier Lopez Madrid enpresaria, Bankiako beste goi-kargu ohiak.

Epaitutako sei Soto del Realeko presondegitik joango dira Auzitegi Nazionalera. Beste zortzi akusatu ere black txartelen auzian zigortu zituzten, baina ez ziren kartzelara sartu behar.

Fiskaltzak lauren aurkako karguak besterik ez zituen aurkeztu

Fiskaltzak ez ditu 34 ikertuak akusatu, baizik eta horietako lau baino ez: Rato (5 urte), Olivas (4), Fernandez Norniella (3) ta Verdu Pons (2 urte eta 7 hilabete). Horrek baliogabetasuna eskatzera animatu ditzake beste akusatuak, Botin doktrina aplikatuta.

Ministerio Publikoaren arabera, Bankiako goi-kargu ohiek ez zuten bankuaren benetako egoera estali zuten, kapital eskakizunak betetzeko beharrezkoak ziren funtsak “kosta ahala kosta” lortzeko asmoz.

Ratori dagokionez, fiskalak uste du Burtsa ateratzearen "proiektuaren sendotasunik eza" modu "kontzientean" ezkutatu zuen, "inbertitzaileek informazio osoa ez zutela jakinda" eta entitatearen "egoera kritikoa" ezkutatuta. Horretarako, Gobernuko eta NDFeko lanak ematen zitzaion "ospea"erabili zuen.

Izen handiko lekuko asko

Lekukoen zerrenda ere luzea da. Tartean daude Luis de Guindos, Ekonomia ministro ohia; Jose Ignacio Goirigolzarri, Bankiako egungo presidentea; Christine Lagarde, NDFaren presidente ohia; Luis Maria Linde, Espainiako Bankuaren gobernatzaile ohia; Francisco Gonzalez, BBVAko presidentea, eta Isidro Faine, La Caixako presidente ohia.

Akusatuetako asko lekuko bezala deitu ditu Fiskaltzak, baina litekeena da deklarazio bakarra egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa