Ekonomia -
Epaia
Akziodun bati egindako inbertsioa itzultzera zigortu du Popularra Bizkaiko Auzitegiak
ETBk ezagutu ahal izan duen Lurralde Auzitegiaren epaiaren arabera, Popular Bankuak bere egoera ekonomikoaren inguruan emandako informazioa ez zen egiazkoa.
Euskal Telebista
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak akziodun bati 2016an egindako inbertsioa itzultzera zigortu du Popular Bankua, bankuak ez zuelako bere egoera ekonomikoaren inguruko benetako informazioa eman. 2017an, Santander bankuak erosi zuen Popular Bankua.
Bilboko epaitegi batek ez zion auzi-jartzaileari arrazoia eman, baina Bizkaiko Auzitegiak helegitearen alde egin du, Popularrak benetako egoera ekonomikoa ezkutatu zuela ebatzita.
2017an, Popular Bankuaren kotizazioa bertan behera utzi zuen Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, eta, ondorioz, 300.000 akziodun txiki baino gehiago kaltetu ziren. Santanderrek Popularra erosi zuen 2017ko ekainean, euro baten truke.
Orain, Santanderrek 5.265 euroko inbertsioa (gehi interesak) ordaindu beharko dizkio auzi-jartzaileari. 2016an bankuaren kapitala zabaltzeko prozesuan parte hartu eta handik urtebetera inbertsioa galdu zuten inbertsiogileetako bat izan zen. Epaiaren arabera, Popularrak ez zuen bere egoera ekonomikoari buruz egiazko informazioa eman.
Gainera, Santanderrek erosi ostean, fidelizazio bonuak eskaini zizkien epaitegietara jotzeari uko egin ziotenei. Gonzalo Ayo abokatuaren arabera, horrela "zeharka onartu zuen ondarezko egoera hori ez zela egokia".
Bizkaiko Auzitegiaren epaia —ezin da helegiterik jarri horren kontra— horrelako lehenengoa da Euskal Herrian, eta atea ireki liezaieke beste inbertitzaileen erreklamazioei. Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, 20.000 bat kaltetu daude, eta guztira 190 milioi euro galdu zituzten.