Ekonomia -

Aurrekontuen negoziazioa

Eusko Jaurlaritzaren azken proposamena 'nahikoa ez' dela uste dute pentsiodunek

Hala ere, pentsio baxuenak osagarrien igoera baten bidez hobetzea “pauso bat” dela onartu du Adinekoen Elkarteen Gipuzkoako Plataformak.

Protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020an pentsioak 823 euroraino osatzeko proposamena egin zuen Eusko Jaurlaritzak. Azken proposamen hori “pauso bat”, baina “nahikoa ez” dela uste du Adinekoen Elkarteen Gipuzkoako Plataformak.

Miguel Gortadi eta Antton Karrera plataformako bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute gaur, datorren larunbatean Donostian egin beharreko manifestazioa aurkezteko. “Pentsio publiko duin” batzuen aldeko “konpromisoa” aldarrikatuko dute protestan, hilean 1.080 euro, alegia.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko negoziazioa hizpide izan dute plataformako ordezkariek. Pentsio baxuenen osagarriak areagotzeko proposamena “pauso bat”, baina oraindik “nahikoa ez” dela esan dute, helburuetatik urrun dagoelako. Horregatik, Gipuzkoako adinekoek borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute.

Bozeramaileen ahotan, pentsioak 1.080 euroraino osatzeko “diru nahikoa” dago. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eskaintza “argitu” beharra dagoela uste dute pentsiodunen ordezkariek; izan ere, diru-sarrerak bermatzeko errenta familiei eta elkarrekin bizi diren pertsonei ematen zaie, pentsioak pertsona indibidualek jasotzen dituzten bitartean.

Horregatik, pentsioak osatzeko diru-laguntzen irizpidearen arabera, “kopuruak oso desberdinak dira”, azaldu dutenez.

EAJk eta PPk pentsioak KPIren arabera igotzeko adostutako akordioa “pauso bat” izan zela adierazi zuten pentsiodunen ordezkariek, baina ez dute “ametsetan egingo” neurria Estatuko Aldizkari Ofizialean ikusi arte.

Bestalde, BPGren portzentaje handiago bat pentsioetara bideratzea eskatu dute erretirodunek; izan ere, Espainia lau puntu azpitik dago Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Era berean, jasangarritasun faktorea desagertzea aldarrikatu dute, “etorkizuneko erretirodunak pentsioen murrizketa basati batera zigortuko dituelako”.

Aldarrikapenak aurrera eramateko “dirua soberan” dagoela errepikatu dute bozeramaileek; are gehiago, foru ogasunen diru-bilketak % 8 inguru gora egin duenean, baina arazoa “gizartearen aberastasuna nola banatzean datza”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Pentsioak