Ekonomia -

Aurrekontuak 2019

Aurrekontuak onartzeko 'ahalegin handiena' egin duela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak

Azpiazuk ultimatumari eutsi dio, eta EH Bilduri eskatu dio Jaurlaritzaren azken proposamena tentuz "irakurtzeko", gauerdia orduko erantzun bat eman ahal izateko.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua, gaurko agerraldian. Argazkia: EiTB
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua, gaurko agerraldian. Argazkia: EiTB
Azken proposamena tentuz ''irakurtzeko'' eskatu dio Azpiazuk EH Bilduri

5:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2019ko Aurrekontuen harira mahai gainean jarritako azken proposamena "irakurtzeko" eskatu dio EH Bilduri Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, koalizio abertzaleak egindako eskarira "gerturatzen" dela iritzita. Halaber, gauerdia orduko erantzun bat espero duela adierazi du Azpiazuk.

Kontrara, EH Bilduk "onartezintzat" jo du Jaurlaritzaren azken proposamena. Horixe da, hain zuzen, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak prentsaurreko batean adierazi duena.

"Uste dut ez dutela proposamena ondo irakurri", esan du Azpiazuk. "Pentsio baxuenak pixkanaka osatzea eskaini diegu, alegia, 2021erako 858 eurora iristea, koalizio abertzaleak eskatzen zuena aintzat hartuta", azaldu du.

EAJ eta PSE-EEren koalizio-gobernuak ez du gehiengoa Legebiltzarrean, eta atzo ultimatuma eman zion EH Bilduri: gauerdia baino lehen itunik ezean, bihar goizean goiz ezohiko bilera deituko du Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua erretiratzeko.

Gaur goizean, Ogasun eta Ekonomia Sailak beste proposamen bat helarazi dio EH Bilduri eta koalizio soberanistak nahikoa ez dela erantzun du, "ardura politikoagatik azken unera arte" negoziatzen jarraitzeko borondatea berretsi badu ere.

Jaurlaritzaren proposamena

Azpiazuren esanetan, Jaurlaritzaren azken proposamenak EH Bilduren eskaerak betetzen ditu.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei zuzendutako laguntzak 2019an % 7ko igoera izatea proposatu du Jaurlaritzak; igoera hori % 6koa izango litzateke 2020an eta KPIa baino puntu bat gehiagokoa 2021ean.

Horrenbestez, "hileko 858 euro izango lirateke, eurek eskatzen zuten zifra, hain zuzen ere", azpimarratu du Azpiazuk.

Halaber, EH Bilduk egindako beste eskaera bat ere onartu dutela esan du, enplegu politikan bataz besteko soldataren erreferentzia 1.200 euroan ezartzeko apustua egitea, alegia.

Gauzak horrela, Azpiazuk ulertezintzat jo ditu Maddalen Iriartek gaur goizean egindako adierazpenak.

"Uste dut ez dutela gure proposamena ondo irakurri, edo ez dutela irakurri ere egin. Haien erantzunaren zain gaude. Gauerdira arte badugu denbora. Egoera hau ezin da gehiago luzatu", nabarmendu du sailburuak.

EH Bilduk Jaurlaritzari: "Zuen esku dago"

EH Bilduk arratsalde honetan erantzun dio Pedro Azpiazuri eta bere jarrerari eutsi dio: pentsiodunei eta prekarietatean dauden herritarrei laguntzeko Aurrekontuak aldarrikatzen ditu.

Negoziatzen jarraituko dutela, baina ituna lortzea edo ez Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela azpimarratu du Maddalen Iriartek Twitter bidez zabaldutako mezuan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak