Ekonomia -
Idazkari nagusi berria
Mitxel Lakuntzak 'Txiki' Muñoz ordezkatuko du ELA sindikatuan
Gainera, 'Txiki' Muñozek sindikatuko kargu guztiak utziko dituenez, beste pertsona bat sartu behar da Zuzendaritzan, eta Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Mitxel Lakuntza Nafarroako koordinatzailea Txiki Muñoz idazkari nagusia ordezkatzeko proposatuko du ELAko Nazio Batzordeak.
Sindikatuko estatutuen arabera, adinagatik Txiki Muñozen agintaldia 2019an amaituko da. Ordezkoa proposatzea Nazio Batzorderi (Zuzendaritza eta federazioetako zein eskualdeetako arduradunak biltzen dituen organoa) dagokio, eta Mitxel Lakuntzaren izena eman du.
Erabakia ezohiko biltzar batean ofizialki hartuko dute. Deialdia aste honetan egingo dute Kontseilu Nazionalean (ELAren biltzar arteko organo gorena).
Deialdia onartuko balute, biltzarra Donostiako Kursaalean egingo lukete 2019ko apirilaren 5ean. Zuzendaritza Batzordea (12 pertsona) berritzeko proposamen osoa bozkatuko dute orduan.
Txiki Muñozek kargu guztiak utziko dituenez, beste pertsona bat sartu behar da Zuzendaritzan, eta Nazio Batzordeak Maialen Aranburu proposatu du.
Horrela, biltzarrean Zuzendaritza Batzordeko zerrenda osorik bozkatuko dute, idazkari nagusi berria barne: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa (idazkari nagusiaren ondokoa), Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu, Ivan Gimenez, Laura Gonzalez de Txabarri, Peio Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.
Mitxel Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976) ELA-Nafarroako koordinatzailea da egun (2004an Jose Mari Otaegi ordezkatu zuen), baita Zuzendaritza Batzordeko kidea ere. Elektronika teknikaria (Gamesa) eta 1999tik ELAko afiliatua da. ELAko ordezkaria izan zen enpresa horretan, eta 2001ean sindikatuaren egituran sartu zen, Hainbat federazioko arduradun gisa.
Bestalde, Maialen Aranburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985) Gizarte Ekintza arloaz arduratzeko sartuko da Zuzendaritzan. Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziatua eta Gizarte-lanean diplomatua da. Azterketa feminista eta genero gaietan masterra eskuratu zuen. 2016an ELAren egituran sartu zen, eta kargu ezberdinetan aritu da: Donostiako eskualdearen eta Hezkuntza sektoreko arduraduna, besteak beste.