Ekonomia -

Greba, bertan behera

Bilboko bi hoteleko gela-garbitzaileek % 48ko soldata igoera lortu dute

NH Villa de Bilbao eta Barcelo hoteletako gela-garbitzaileek greba hasi zuten azaroaren 2an, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.

Langileak akordioa ospatzen. Irudia: EiTB
Langileak akordioa ospatzen. Irudia: EiTB
Langileak akordioa ospatzen. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NH Villa de Bilbao eta Barcelo hoteletako gela-garbitzaileek lanuzteak bertan behera utzi dituzte % 48ko soldata igoera lortu ondoren, ELAk jakitera eman duenez. Langileek greba hasi zuten azaroaren 2an, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko.

Barcelo Bilbao Nervion hoteleko gela-garbitzaileen kasuan, beharginek logela garbitu bakoitzeko 2,5 euro kobratzen zituzten (800 euro hilean, aparteko ordainsariak barne), “lege-iruzurreko kontratuak zituzten, gehienak behin-behinekoak, eta ratioak gehiegizkoak ziren”, ELAk agiri batean gogorarazi duenez. Sindikatuaren hitzetan, “lan esplotazio hutsa” zen.

NHren kasuan, duela bi urte baino gehiago gatazka izan ondoren, soldatak 13.000 euro gordinekoak zirela azaldu du sindikatu abertzaleak.

ELAk zehaztu duenez, NH Villa de Bilbao hoteleko azpikontrataren beharginek greba bertan behera utzi zuten abenduaren 12an, enpresarekin akordio bat adostu ondoren. 2019an soldatak % 30 gora egingo du (17.500 euro urtean), 2020an ostalaritza hitzarmena osorik aplikatuz (20.000 euro inguru).

ELAk goraipatu duenez, greba egin ondotik eta 13 hileko epe batean, “soldatek % 48 gora egingo dute, baita ostalaritzako lurralde hitzarmenean jasotako lan-baldintza guztiak aplikatu ere”.

Barcelo Bilbao Nervion hoteleko gela-garbitzaileen kasuan, soldata igoera % 30ekoa izango da 2019an (17.500 euro), 18.500 euro 2020an, eta 2021ean ostalaritza hitzarmena osorik aplikatuko zaie, urtean soldatak 20.000 euroak gaindituz.

Gainera, greban zehar kaleratutako edo kontratuak amaitutako langileak berriz onartuko ditu enpresak, eta gainerako behin-behineko beharginentzako lan-poltsa bat sortuko dute, eta kontratazioan lehentasuna izango dute.

Bi hoteletan, Constant enpresak lan-egutegi bat aurkeztuko du, txandak, librantzak, oporrak eta jaiegunak zehaztuz; batere ordainik gabe eta modu irregularrean gertatzen ari ziren lanaldi luzapenak bukatzeko.

Akordioa sinatuta, Barcelo Bilbao Nervion hoteleko beharginak lanera itzuliko dira asteazken honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Lan gatazkak gaur Lansariak Ostatuak