Ekonomia -
Protestak
Bizkaibusek eta Bilbobusek 24 orduko lanuzteak egingo dituzte urtarriletik aurrera
Bilboko autobusek urtarrilaren 2an berrekingo diote grebari. Bizkaiko autobusek, berriz, hilaren 8tik aurrera egingo dituzte lanuzteak, ELAk jakinarazi duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbobusek eta Bizkaibusek mobilizazioei berrekingo diete urtarrilean, eta iragarri dutenaren arabera, 24 orduko lanuzteak izango dira guztiak. Esan bezala, Bilboko autobusek urtarrilaren 2an berrekingo diote grebari. Bizkaiko autobusek, berriz, hilaren 8tik aurrera egingo dituzte lanuzteak, ELAk jakinarazi duenez.
Ohar baten bidez, ELAk zehaztu du, "negoziazioen blokeoaren aurrean", EMBko, Pesalurreko eta Bilbobuseko enpresa batzordeek greba egun gehiago deitzea erabaki dutela.
Alabaina, enpresa batzorde bakoitzak lanuzte eredu baten alde egin du, eta eskatutako lan baldintzak lortzen ez badituzte, ez dute baztertzen greba mugagabea deitzea. Horregatik, "murrizketa neurriekin eta lanpostuen amortizazioarekin" bukatzea aldarrikatu dute.
Dagoeneko Eusko Jaurlaritzan aurkeztu dituzten deialdi horiek, baina, oraindik ere, langileek berretsi beharko dituzte hurrengo asteetako bileretan.
Ildo horretan, aipatu sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiari exijitu dio "lan gatazka horri zuzenean begiratzeko". "Gestoreen onargarritasuna salatu nahi dugu, langileekin espekulatzen dabiltzalako eta herritarrei geroz eta zerbitzu kaskarragoa ematen ari direlako", bukatu du.