Ekonomia -
Zapateroren bisita ofiziala
150 milioi euro inbertituko dituzte Arabiar Emirerri Batuek Espainian
Abu Dhabiko emirerriaren printzeak hartutako konpromisoa aurreratu du Jose Luis Rodriguez Gobernuko presidenteak, baina zifren eta aukeratutako aurrezki kutxaren berririk ez du eman.
Erredakzioa
Espainiako aurrezki kutxa bat kapitalizatzeko 150 milioi euro inbertituko dituzte Arabiar Emirerri Batuek. Mohamed bin Zayed al Nahyan Abu Dhabiko emirerriko printzeak konpromiso hori hartu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearen aurrean, Espainiako Exekutiboko iturriek jakinarazi dutenez.
Bestalde, 300 milioi euro inbertituko ditu Espainiako aurrezki kutxetan Qatarrek. Atzo bisitatu zuen Zapaterok Qatar.
Dubaiko Nazioarteko Elikadura Azoka bisitatu ostean, Zapaterok adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean. Gobernuko presidenteak Emirerrien konpromisoa aurreratu du, baina zifren eta aukeratutako aurrezki kutxaren berririk ez du eman.
Emirerrietako agintariekin hitz egin eta gero, herrialde horrek "Espainiako ekonomiaren aldeko apustua egiten jarraituko" duela esan du Zapaterok. Espainiako aurrezki kutxen babesa "lehentasuna" izango dela nabarmendu du Gobernuko presidenteak, Arabiar Emirerri Batuek "interes handia" dutelako horien gainean.
Indra eta Amper bezalako enpresa espainiarrek 1.400 milioi euroko lehiaketak irabazi dituzte 2011ko lehen hilabeteetan, Espainiako Exekutiboko iturriek jakinarazi dutenez.