Ekonomia -
Energia aurrezteko neurriak
Industriak pneumatikoak berritzeko plana proposatu die erkidegoei
Ministerioak uste du neurri horri esker erabiltzaileek 0,3 litro erregai aurreztuko dituztela 100 kilometroko. Neurriak 240.000 pneumatiko aldatzea aurreikusten du.
Erredakzioa
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak ibilgailuen pneumatikoak aldatzeko eta berriak jartzeko plan bat aurrera eramatea proposatu die erkidegoei, energia edo erregaia aurrezteko neurri gisa.
Miguel Sebastian Industria ministroak erkidegoetako ordezkariei aurkeztu die plana, energia aurrezteko pizgarrien barruan kokatzen dena.
Bilera horretan, Industria ministroak 16 neurri aurkeztu ditu, erakunde publikoetako argiztapenari eta langileen mugikortasunari lotutakoak, besteak beste. Era berean, Gobernuak eta erkidegoek pneumatikoak aldatu eta berriak jartzeko plan bat aztertu dute eta 240.000 gurpil aldatzea aurreikusi dute.
Ministerioak uste du neurri hori indarrean jarriz gero, erabiltzaileek 0,3 litro erregai aurreztuko dituztela 100 kilometroko.