Ekonomia -

Kontrol saioa Gasteizen

Langabeen %70ek laguntzaren bat jasotzen dute, lehendakariaren arabera

101.500 euskal langabek laguntzarik jasotzen dute, inolako babesik ez duten 43.500 langabe daude, ordea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezian diren hamar euskal herritarretik zazpik laguntza publikoren bat jasotzen dute, guztira, 101.500 lagunek. Diru-laguntzak Estatuaren (Langabezia prestazioa) edo Jaurlaritzaren eskutik (gizarte-larrialdietarako laguntzak) jasotzen dituzte. Langabeen % 30ek, ostera, ez dute inolako babesik.

Datuak Patxi Lopez lehendakariak eman zituen atzo, ostiralean, Eusko Legebiltzarrean, EBk egindako galdera bati erantzunez. Eusko Jaurlaritzak krisi ekonomikoaren ondorioei emandako erantzuna zalantzan jarri du Ezker Batuak. Euskal langabeen babesa Espainiako eta Europako onena dela azpimarratu du lehendakariak.

Exekutiboaren lehentasunetariko bat "krisiaren ondorioak pairatzen ari diren euskal familiak artatzea" dela ziurtatu du Patxi Lopezek. Pertsona horiek laguntzeko modurik onena lanpostu bat lortzeko lana erraztea dela esan du Lopezek. "Lanpostuak sortzea politika sozialik onena eta lehentasuna da, eta lanpostuak sortu bitartean krisitik aterako ez garela diot beti", adierazi du agintariak.

Era berean, Euskadiko babes sistema ekonomikoki indartsua dela azaldu du lehendakariak, eta ondo funtzionatzen duela erantsi du. Hori baieztatzeko datu estatistikoak erabili ditu Lopezek.

"Berme sisteman egindako gastua 232 milioi eurokoa izatetik 390 milioikoa izatera pasa da bi urtetan, 150 milioi euroko aldea, hau da, % 65 gehiago", azaldu du.

Lehendakariaren ahotan, esfortzu ekonomiko horrek euskal herritarren babes soziala Europako eta Espainiako onena izatea ahalbidetzen du. Horri esker, langabezian diren hamar herritarretatik zazpik laguntzaren bat jasotzen dute, agintariak gaineratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea