Ekonomia -

Aurrekontuak 2019

Iruñeko aurrekontu proiektua atzera bota dute, Aranzadiren babesik jaso ez duelako

UPNren eta PSNren kontrako botoak eta Aranzadiren abstentzioa jaso dute 2019ko kontuek. Hori dela eta, proiektua onartu ez dutenez, iazko diru kopuru berbera izango dute.

Iruñeko Udala. Argazkia: Paco Moreno
Iruñeko Udala
Iruñeko Udala. Argazkia: Paco Moreno

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak atzera bota du 2019ko aurrekontu proiektua. Guztira, 213.680.000 euroko aurrekontua zuten urte honetarako, Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak lortutako akordioari esker, baina Aranzadiren abstentzioak bertan behera utzi du egitasmoa.

Horrenbestez, 2018ko diru kopuru berbera izango dute erabilgarri; hots, 187,9 milioi euro.

Patricia Perales EH Bilduko Tokiko Ekonomia zinegotziak, proiektua babeste aldera, argi utzi du ez direla Gobernu taldearen kontuak, "gure herriaren aurrekontuak baizik". Horregatik, nabarmendu du aurten ere gastu eta inbertsio ahalmena handitu egin dela, hain zuzen ere, 17 milioi eurora iritsi dela.

Enrique Maya UPNko bozeramaileak, bestalde, ezezkoa eman dio proiektuari, "ezezko handia, guk geuk dugun ereduarekin eta iruindarren interesekin zerikusirik ez dutelako".

Geroa Baiko Javier Leozek aipatu koalizioak EH Bildurekin eta Izquierda-Ezkerrarekin lortu zuen akordioaz mintzatu da, batik bat. Ildo horretan, azpimarratu du % 4,26ko hazkundea proposatzen zutela, iazko aurrekontuekin alderatuta.

Maite Esporrin sozialistak, aitzitik, kritikatu egin du aurrekontu proiektua: "Ez dute ezer berririk ematen", esan du. Halaber, salatu du Gobernu taldea behin eta berriro dabilela "aurrekontuak saltzen, baina ez dituztela mamitzen".

Proiektua errefusatu ostean, Aranzadiko Manuel Millera ere mintzatu da 2019ko kontuei buruz. "Triunfalismoa" egotzi dio Peralesi, eta nabarmendu du "akordioaren parte handi bat ez dutela bete".

Bukatzeko, I-E alderdiko Edurne Eguinok adierazi du "aldaketa sakonagoak nahi zituela, ezkertiarragoak, berritzaileagoak eta arinagoak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea UPN PSN Geroa Bai Nafarroa Ekonomia EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala