Ekonomia -

Euskal Autonomia Erkidegoa

Akordiorik lortu ez dutenez, itunpeko ikastetxeek eutsi egin diote greba deialdiari

Urtarrilaren 16tik aurrera, zortzi eguneko greba egingo dute EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek. Lanuzteak 120.000 ikaslerengan eta 9.000 langilerengan izango du eragina.

Itunpeko ikastetxeen mobilizazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Itunpeko ikastetxeen mobilizazioa, Bilbon
Urtarrilaren 16tik 25era deitutako grebari eutsi diote itunpeko ikastetxeek

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtarrilaren 16tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek zortzi eguneko greba egingo dute, Kristau Eskolako ordezkariek eta sindikatuek gaurko bileran akordiorik lortu ez dutelako.

215 ikastetxek duten lan gatazka horrek 120.000 ikaslerengan eta 9.000 langilerengan izango du eragina.

Bileraren ondotik ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek esan dute lan hitzarmena berritzeko egindako azken ahaleginak urriak izan direla.

ELAk Bilbon duen egoitzan egin dute gaurko bilera. Miren Zubizarreta ELAko ordezkariaren hitzetan, bilera "etsigarria" izan da, ez baitituzte "garrantzizko edukiak" jorratu; patronalek, jokabide "immobilista" dutela salatu du.

Hori horrela, akordioa lortzeko patronalak egindako proposamenak "eskasak" izan direla eta "pausu gutxi" eman dituztela deitoratu du. Izan ere, langileek urtebete daramate mobilizazioak egiten beren aldarrikapenak defendatzeko.

Patronalek mahai gainean jarritako proposamenen artean, ez da behin ere aipatzen lanpostua galtzen duten langileentzako postu berriak bilatzeko aukerarena. "Lanbide Heziketa edo laguntza bereziko irakasleen harira ere ez da berrikuntzarik egon", esan du Zubizarretak.

ELA: "Berdina eskaintzen jarraitzen dute"

 

Soldaten kontuan, "berdina eskaintzen jarraitzen dute", eta gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleen erosteko ahalmenak % 13,6 behera egin duela salatu du. Patronalek, berriz, erosteko ahalmena % 3,1ean berreskuratzea proposatu diete, baina sindikatuen arabera, hori "txikikeri hutsa" da.

ELAko ordezkariaren hitzetan, ez dakite patronalek datorren asteazkena baino lehen bilera berri bat egiteko deialdia egingo dieten, baina aurrerapausoak emateko sakonerako gaiak jorratu beharko dituztela ohartarazi du.

Gurasoen elkarteek iragarritako mobilizazioen harira, "erantzukizun mailak ezberdinak direla" esan du Zubizarretak, eta hortaz, "mobilizazioak deitzea eta Eusko Jaurlaritzari ere erantzukizunak eskatzea ondo dagoela" esan du ordezkari sindikalak.

Grebarekin jarraituko dute EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek
Grebarekin jarraituko dute EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek
Grebarekin jarraituko dute EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek

1:14

Gurasoak, "oso atsekabetuta"

Euskal Herriko gizarte-ekimeneko itunpeko ikastetxeen gurasoen elkarteen hiru federazioak "oso atsekabetuta" agertu dira patronalaren eta sindikatuen artean akordiorik ez egoteagatik.

Fecapp, Bidelagun eta Fapae federazioetako bozeramaileak arduratuta azaldu dira Bilbon emandako prentsaurreko batean, eta “babesik gabe” sentitzen dira lan gatazka hau luzatzeagatik.

Hiru federazioek gatazkan inplikatuta dauden alde guztiei horrekin bukatzea eskatu diete, baita seme-alabak "presio elementu bezala" erabiltzeari uztea ere.

Irakasleei erantzukizuna izatea eskatu diete, euren ustez "ez dagoelako eskola-orduak galtzea eta ikasturtea arriskuan jartzea justifikatuko duen argumenturik".

Gurasoek esan dutenez, urtarrilaren 16tik aurrera deituta dauden zortzi greba egunekin aurrera jarraitzen badute, Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ikasturteak dauzkan 152 eskola egunen % 10 galdu izango dute, goi mailako heziketa zikloetara sarbidea "jokoan" duten ikasturtean.

"Oso atsekabetuta" daudela esan dute bozeramaileek. Izan ere, “gutxienez gatazka gainditzeko oinarriak jartzea espero genuen”.

"Negoziazioa eragoztea" leporatu die Kristau Eskolak sindikatuei

Bestalde, irakasleen ordezkariak “benetako negoziazioa eragozten” ari direla salatu du Kristau Eskola itunpeko ikastetxe erlijiosoen patronalak.

"Aurkeztutako azken proposamenari sindikatuek argudioekin eta planteamenduekin ez erantzutea arduragabekeria" dela uste du Mikel Ormazabal kristau Eskolako zuzendari nagusiak. "Benetako negoziazioa eragozten duten orokorkeriekin jarraitzea" egotzi die Ormazabalek sindikatuei agiri batean.

Horregatik, irakasleen ordezkariei erantzukizuna eta profesionaltasuna eskatu die Ormazabalek, "oinarrizko akordio bat adostu ahal izateko".

Azkenik, ikasleen familien “kezka” partekatzen dutela esan du Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. “Sindikatuekin akordio batera heltzeko gure eskuan dagoen guztia egiten ari gara”, ziurtatu die.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lan gatazkak