Ekonomia -

Protesten urteurrena

Pentsiodunek protestei eutsiko diete, urtebetean 'apurrak' baino ez dituztelako lortu

"Kaleak utzi ditzakegula ikusi arte, eta batik bat orain hauteskunde garaia dela kontuan izanda, mobilizatzen jarraituko dugu, duintasunaren alde ari garelako protestatzen", ohartarazi du Andrea Uñak.

Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilbon. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Pentsiodunen elkarretaratzea, Bilbon
Urtebete kaleak betetzen, pentsiodunen eskubideen alde

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenetan ohikoa denez, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak protesta egin du Bilbon, eta mobilizazioei eusteko asmoa erakutsi du. Izan ere, protesten lehenengo urteurrena bete den honetan, "apurrak" soilik lortu dituztela eta gobernuek pentsiodunen eskubideak "irabaziak lortzeko" erabili dituztela salatu dute.

"Kaleak utzi ditzakegula ikusi arte, eta batik bat orain hauteskunde garaia dela kontuan izanda, mobilizatzen jarraituko dugu, duintasunaren alde ari garelako protestatzen", ohartarazi du Andrea Uña plataformako ordezkariak.

"Arduratuta baditugu ere eta politikarien agendan gauden arren, urtebete honetan ez digute apenas kasurik egin. Beraz, kaleak uzten baditugu litekeena da pentsioen igoera 0,25ekoa izatea berriro ere", esan du.

Bestalde, plataformako ordezkariek Bilboko udaletxe aurreko zabalgunean elkartutako pentsiodunei jakinarazi diete 1.243 euro jaso dituztela urtarrilen 19ko manifestaziorako egindako diru bilketan.

Era berean, iragarti dute mobilizazioen lehenengo urtemuga ospatze aldera, urtarrilaren 15ean San Frantziskoko Auzo Etxean argazki erakusketa egingo dutela asteroko protestetan jasotako irudiekin.

Bukatzeko, plataformako beste kide batek, Jon Fanok, adierazi du "beharrezkoa dela mobilizazio gehiago deitzea eta beste talde batzuen babesa bilatzea; besteak beste, langileena, feministena eta gazteena". Horrekin, protestak eraginkorragoak izango direla uste dute.

Urtarrilaren 19an egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia eginez bukatu dute elkarretaratzea. Bilboko kaleak hartuko ditu larunbateko martxak, Confebaskek Bizkaiko hiriburuan duen egoitzan 17:00etan hasi eta udaletxean bukatuko denak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak