Ekonomia -

2018ko balantzea

134,7 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen BECek 2018an

2004an ireki zutenetik, BECek izandako eragin ekonomiko altuena izan zen iazkoa. Guztira, 2.754 lanpostu berri sortu zituzten eta 16,8 milioi euroko zerga-bilketa egin zuten.

Bilbao Exhibition Centre. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Bilbao Exhibition Centre
Bilbao Exhibition Centre. ETBren bideo batetik ateratako irudia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, 134.657.261 euroko eragin ekonomikoa izan zuen Bilbao Exhibition Centrek iaz; 2004tik, ireki zutenetik, izandako altuena. Harrezkero, 1.236 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du, hamalau urte eta erdian.

Hamabi hilabetez gelditu gabe egon ostean, urte "arrakastatsua" itxi du, beraz, BECek, dela izandako hazkundeagatik, dela nazioartean lortutako oihartzunagatik. Horretarako, 206 ekitaldi antolatu dituzte, eta ikuskizun edo azoka "bereziei" esker 1.082.203 bisitari jaso dituzte.

Gainera, 16.827.959 euroko zerga-bilketa egin zuten 2018an, eta 2.754 lanpostu berri sortu zituzten.

Izan ere, asko izan dira urtarrilaz geroztik BECek hartu zituen ekitaldiak: Makina-Erremintaren Nazioarteko Azoka, Routes eta Rail Live, MTV gala, Addit3d eta BeDIGITAL teknologia azokak, Egurtek, Gabonetako Umeen Parkea, Workinn, Retroclasica eta Biocultura, lan eskaintza publikoen azterketak eta Shakiraren, Fito & Fitipaldisen eta Ara Malikianen kontzertuak, besteak beste.

2019: erronkaz jositako urtea eta Bilbao Exhibition Centreren 15. urtemuga

Aurten 15 urte beteko ditu BECek. Hori dela eta, erronka berriz eta optimismoz beteta hasi du urtea. Esan bezala, nazioarte mailako ekitaldi handiak hartuko ditu berriro ere, arkitekturarekin, energia eolikoarekin eta trenbide garraioarekin lotutako hitzorduak, horien artean: Architect@Work, Rail Live eta Wind Europe Congress & Exhibition.

Azkenik, apirilean 15. urteurrena ospatuko du. Oraindik ez dute horretarako antolatuko duten ekitaldia aurkeztu.

 

 

 

     

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak