Ekonomia -

Gipuzkoa

Irun eraldatzeko eta biziberritzeko hitzarmena sinatu dute erakundeek

Gutxi gorabehera 33.888 metro karratu lursail libre utziko ditu akordioak, hirigintzarako.

Erakundeetako ordezkariak hitzarmenaren sinaduran. Argazkia: EFE
Erakundeetako ordezkariak hitzarmenaren sinaduran. Argazkia: EFE
Erakundeetako ordezkariak hitzarmenaren sinaduran. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Abalos Sustapen ministroa bertan zegoela, Irungo Udalak, Adifek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute arratsaldean, tren geltokia eraldatzeko eta udalerria biziberritzeko.

Akordioaren arabera, gutxi gorabehera 33.888 metro karratu libre geratuko dira, hirigintzarako eta 'Topo'aren integrazioa bultzatzeko.

Isabel Pardo de Vera Adifeko presidenteak, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak sinatu dute hitzarmena. Gipuzkoako Aldundiak ere laster sinatuko du akordioa.

Sinadura “pozik egoteko arrazoi” bat dela azpimarratu du Abalosek. “Hamarkadetan Irunen egin den eraldaketarik handiena aurrera eramateko konpromisoa hartzea erronka atsegina” ere badela azaldu du ministroak. Zentzu horretan, Irun “trenari lotutako hiria, eta Espainiaren sarrera eta irteera” dela goraipatu du agintariak.

Tren garraio zerbitzu “moderno eta jasangarri” bat bermatzen du hitzarmenak, Irungo mugikortasun beharrizanak asetzeko. Bide batez, Donostia-Hendaia trenbidearen zati bat lurperatzeko aukera ematen du akordioak.

Gainera, 'Topo'aren ibilbidea hobeto integratzeko egitasmoak aztertuko dituzte erakunde guztiek, elkarrekin.

Era berean, merkantzia trafikoa eta bagoien aparkalekua lekuz aldatuko dituzte; izan ere, “Trenbide Zaharrak” izeneko zonaldean daude egun.

IRUN TRENBIDEA EFE

Adifek 34.000 metro karratu dagoeneko libre utzi dituela azaldu du Sailak, trenbideen integrazioa errazteko.

Abiadura handiko trena (AHT) Irunera heltzeak komunikazio azpiegiturak hobetzea eskatzen duela nabarmendu du ministroak, “hiri barruan zein kanpoan bidaiarien garraio publikorako zerbitzuak sendotzeko”. “Trenbidea Irunen erabat integratzeko hirigintza aldaketak elkarrekin aztertuko dituzte, abiadura handiko geltoki berria barne”, erantsi duenez.

Bestalde, proiektuaren bidez Eusko Jaurlaritzak hartzen duen konpromiso bikoitza goraipatu du Ekonomi Garapenerako eta Azpiegituretarako sailburuak. Tapiaren ahotan, “irundar zein tren erabiltzaile guztiekin” konpromisoa hartu du EAEko Exekutiboak.

“Erreza izan ez den” egitasmo batean, hitzarmenaren sinadura “urrats sendoa” dela azpimarratu du Jose Antonio Santano Irungo alkateak. “Hiriaren historian kapitulu berri bat da”, gaineratu du.

Azkenik, Denis Itxaso ahaldunordeak nabarmendu duenez, “Gipuzkoako bigarren hiri handienaren bihotzean andeatutako eremu bat biziberritzea, Irunentzako eta Bidasoa eskualdearentzako oso garrantzitsua da, baita lurralde osoarentzako eta muga arteko (Eurohiria) proiektuarentzako ere”.

ABALOS IRUN PROTESTA EFE

Jose Luis Abalos Sustapen ministroa pentsiodun talde batekin hizketan, Irungo udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Irun Albisteak Abiadura Handiko Trena Euskotren Renfe Garraio publikoa gaur