Ekonomia -
Alokairuak
Espainiako Gobernuaren etxebizitza dekretua atzera bota du Diputatuen Kongresuak
2019ko Aurrekontu Orokorrak babesteko Exekutiboarekin adostu zituen neurriak dekretuan jasota ez daudela iritzita kontrako botoa iragarri zuen Unidos Podemosek.
Agentziak | Erredakzioa
Etxebizitza alorrean premiazko neurriak hartzeko dekretua atzera bota du Diputatuen Kongresuak. Besteak beste, PP, Podemos, Ciudadanos eta ERCk kontrako botoa eman dute. Alokairu kontratuak luzatzeko epea bost urtera zabaldu nahi zituen Espainiako Gobernuak. Exekutiboa alokairuen inguruan neurri gehiago aurkezteko aukerak aztertzen ari da dagoeneko.
Jose Luis Abalos Sustapen ministroak errege lege-dekretua defendatu du, “aurreneko neurri multzoa” onartzea “premiazkoa” delako, 2013an PPren gobernuak egindako erreformaren ondorioak ezabatzen hasteko. Abalosen hitzetan, PPren erreformak alokairuen prezioen igoera bultzatu zuen.
Hala ere, Diputatuen Kongresuak araua atzera bota du, aldeko 103 boto, kontrako 243 eta abstentzio bakarra jaso ondoren. 2019ko Aurrekontu Orokorrak babesteko Exekutiboarekin adostu zituen neurriak dekretuan jasota ez daudela iritzita kontrako botoa iragarri zuen Unidos Podemosek.
Azken 40 urteetan atzera bota duten laugarren errege lege-dekretua izan da, azkena zamaketari sektoreko erreforma izan zen, 2017ko martxoaren 16an.
Errege-dekretua atzera botatzeko eskatu zion Podemosek Sustapen Ministerioari, hirietako zona “tenkatuetan” alokairuen prezioak arautzea aurreikusten ez zuelako, ezta hutsik dauden etxebizitzetan ondasun higiezinen gaineko zergari lotutako neurririk ere, edo sei hilabeteko errentamendu-kontratuetan aurreabisua.
Podemosen eta Gobernuaren arteko negoziazioak areagotu dira azken orduetan. Nahiz eta Exekutiboa sinatutako proposamen gehienekin ados egon, azkenean ez dute akordiorik lortu dekretua babesteko. Antza denez, oztopo nagusia “formatua” izan da.
Neurri osagarriekin testu berri bat aurkeztea edo dekretua lege-proiektu gisa aurrera eramatea eskaini dio Sustapen Ministerioak Podemosi; horrela zuzenketak aurkeztu ahal izateko, baita 2019ko Aurrekontuen bidez ere.
Podemosek, aldiz, errege-dekretu berri bat “guztiarekin” ekarri behar dutela errepikatu du. Era berean, PPk eta Ciudadanosek ez dute araua babestu, alokairuen eskaintza bultzatzen ez duelako eta alde guztien segurtasun juridiko eza areagotzeko duelako.