Ekonomia -

PSOE-EAJ akordioa

I+G+Bren eskumena EAErena dela agertuko da Zientzia Lege berrian

Lege berriak "hitzez hitz" jasoko du transferentzia. Nafarroako Foru Hobekuntzaren Legean agertzen diren eskumenak ere aitortuko ditu lege berriak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren eta PSOEren Kongresuko taldeek akordioa lotu dute jeltzaleek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Lege berriari babesa emateko, eta orain lege berriak "hitzez hitz" jasoko du Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren eskumena Jaurlaritzaren esku dagoela.

Adostutako testuaren arabera, alor horretako eskumenak, Foru Hobekuntzaren Legean agertzen direnak, Nafarroaren esku geratuko dira.

EAJk lege berriari babesa emateko jarri zuen baldintzetako bat da adostutako testua. 271. zuzenketa da, eta horren arabera, legean xedapen gehigarria sartuko dute I+G+B Eusko Jaurlaritzaren eskumena izango dela zehazteko.

Jatorrizko testuan ez zen EAEri eta Nafarroari buruzko aipamenik egiten, nahiz eta 2009ko urtarrilaren 9an dekretua, eskumenaren transferentzia, onartu.

Jose Ramon Beloki EAJren diputatua gustura agertu da akordioa dela eta, oso arau garrantzitsua delako. Belokiren arabera, beharrezkoa da Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren alorrari bultzada bat ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea