Ekonomia -
Lan gatazka
Taxilari talde batek edukiontziak erre ditu Madrilgo azoka-eremuan
Madrilgo taxi-gidariek hirugarren greba eguna dute asteazken honetan, eta IFEMAren inguruetan elkarretaratzea egiten ari dira, Fitur turismo-azoka zabaltzen den egunean.
Agentziak
Milaka taxilari elkarretaratzea egiten ari dira asteazken honetan Madrilgo IFEMA azoka-eremuan, gaur Fitur turismo-azoka ireki dela aprobetxatuz. Taxi-gidari talde batek edukiontziak erre ditu IFEMAko sarreran, eta su bizia eragin dute.
Madrilgo taxilariek alokairuko auto gidaridunen jarduna arautzea eskatzen dute. Protestak direla eta, ehunka polizia nazional eta udaltzain daude IFEMAko inguruetan.
Errege-erreginak abiatuko dute Fiturren 39. edizioa, Europan egiten den turismo azokarik garrantzitsuenetariko bat, Berlingo ITB eta Londresko World Travel Market azokekin batera.
Taxi-gidarien elkarteek eta Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuak premiazko bilera egin dute goizaldean gatazkari irtenbidea emateko, baina ez dute akordiorik lortu.
Manuela Carmena Madrilgo alkatearen ustez, taxilariek arrazoia dute, gidarien alokairuko ibilgailuen araua hautsi baita, eta beharrezkoa da Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuaren eta taxilarien artean batzorde mistoa sortzea.
Bestalde, Bartzelonan gaur erabakiko dute taxilariek grebarekin aurrera jarraitzen duten edo Generalitateari hilabeteko "tregoa" ematen dioten, Kataluniako Gobernuak alokairuko auto gidaridunen jarduna arautzearen inguruan agindutakoa betetzen duela egiaztatu bitartean.