Ekonomia -

lan gatazka

Itunpekoak 'azpikontrata merke bat' balira bezala hartzea egotzi diote Jaurlaritzari

Gatazkaren konponbidean Hezkuntza Sailak parte hartu nahi ez izatea "arduragabetasun hutsa" dela azpimarratu dute sindikatuek.

Sindikatuek manifestazioa egin dute gaur, Bilbon. Foto: EFE
ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek manifestazioa egin dute gaur, Bilbon
Sindikatuek manifestazioa egin dute gaur, Bilbon. Foto: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO, UGT y Steilas sindikatuek itunpeko hezkuntza 'azpikontrata merkea' balitz bezala hartzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari. Gainera, gatazkaren konponbidean Hezkuntza Sailak parte hartu nahi ez izatea "arduragabetasun hutsa" dela azpimarratu dute.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek lan-hitzarmenaren aldeko seigarren greba eguna dute asteazken honetan. Langileek elkarretaratzeak egin dituzte egunean zehar Bilbon eta Gasteizen; Donostian, berriz, auto-ilara egin dute.

Miren Zubizarreta ELAko bozeramailearen esanetan, langileek erantzun bikaina eman diete sindikatuek deitutako mobilizazioei, eta gaurko grebak % 60ko jarraipena izan duela esan du.

ELAko ordezkariak jakitera eman duenez, patronalek eta Eusko Jaurlaritzak "ez dute erantzunik eman". Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, asteartean azaldu zuenez, ez dagokio bitarteko lana Hezkuntza Sailari egitea, "ikastetxeen eta patronalen arteko lan gatazka baita".

Hori horrela, "arduragabetasun hutsa dela" esan du "Eusko jaurlaritzak lan gatazkan parte hartu nahi ez izatea, Hezkuntzaz hitz egiten ari garela kontuan izanda".

Zubizarretaren hitzetan, "hezkuntza sistemaren antolaketa" Eusko Jaurlaritzak erabaki du; halaber, "azken hamar urteotan Hezkuntzari gero eta baliabide gutxiago bideratu izana ere" Jaurlaritzaren erabakia izan dela azpimarratu du.

Horrenbestez, irakaskuntzaren kalitatean eta irakasleen lan-baldintzetan eragin zuzena duen erabaki "politiko baten" aurrean gaudela esan du ELAko ordezkariak.

Ildo horretan, itunpeko sarea 'azpikontrata merke bat' bezala hartzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari, "soldata merkeagoak ordaintzen baititu lanordu gehiagoren truke".

Zubizarretaren ustez, sindikatuen aldarrikapenen harira, Eusko Jaurlaritzak "edozein erantzukizuna saihestu" nahi du, baina "Jaurlaritza bera da patronalei arauak ezartzen dizkiona eta baldintza horiek egungo egoerara eraman gaituzte". Hori dela eta, Hezkuntza Saiala ere lan gatazkan parte hartu behar duela uste dute sindikatuek.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek ostegunean jarraituko dute mobilizazioekin. Ostiralean, berriz, deitutako azken greba egunean, manifestazioa egingo dute Donostian, 11:30etik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT