Ekonomia -

Enplegu Publikoa

Funtzionarioen kontziliazio baimenak parekatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Bikotea osatzen duten bi lagunek 16 asteko baimena izango dute, haien sexua eta familia eredua kontuan hartu gabe. % 100ean ordaindutako baimenak izango dira.

Lege berriak 110.000 funtzionariorengan izango luke eragina.
Lege berriak 110.000 funtzionariorengan izango luke eragina.
Kontziliazioa eta berdintasuna familia eredu guztientzat

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Enplegu Publikoaren Lege Proiektua onartu du astearte honetako Gobernu-bileran. Arau berriak lana eta familia bateragarri egiteko gizonen eta emakumeen baimenak parekatzen ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten duten ia 110.000 funtzionariorengan izango luke eragina.

Lege proiektua orain Eusko Legebiltzarrera eramango dute, tramitazio prozesuari bide emateko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, "legearen helburu nagusia gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko urrats eraginkorrak ematea da, eta kontziliazio baimenak parekatuta aurrerapauso handia emango dugu bide horretan".

Halaber, lege horrekin gizonak zaintza eta etxeko lanetan inplikatzea bilatzen dutela erantsi du. Aldi berean, "hori ezinbestekoa da emakumeen ahalduntzerako eta beren garapen eta ongizaterako", zehaztu du Erkorekak.

Familia eredu guztiak

Lege proiektuak familia eredu guztiak aintzat hartzen ditu eta hainbat termino zuzendu ditu, hizkuntza integratzailearen mesedetan.

Hortaz, guraso izatearen baimenak bikotea osatzen duten bi lagunek jasoko dute, sexua eta familia eredua kontuan hartu gabe.

% 100ean ordaindutako baimenak izango dira, transferitu ezin direnak, eta 16 asteko iraupena izango dute. Lehendabiziko lau asteak aldi berean eskatu ahal izango dituzte, baina hortik aurrera txandaka egin beharko dute, semea edo alaba gutxienez 28 astez eta gehienez 32 astez bi gurasoekin egon dadin.

Baimen hori ondoko kasuetan eskatu ahal izango dute langileek: jaiotzak, adopzioak, adopziorako zaintzak, harrerak eta haurdunaldi subrogatuetan.

Umeen zaintza

Horrez gain, 12 hilabetetik beherako seme-alabak zaintzeko baimenak aitortzen ditu. 150 orduko baimena izango da. Bikotea osatzen duten bi lagunek eskatu ahalko dute, eta orduka edo lanaldi osorako.

Halaber, baimen hori konpartitzeko aukera egongo da, baina ez aldi berean. Edoskitze baimena ordezkatzen du, baina izena aldatu diote familia eredu guztietan erabili ahal izateko.

Bestalde, minbizia edo gaixotasun larria duen adin txikiko seme-alaba zaintzeko baimena gehitu dute. Kasu horretan, lanaldian % 50 eta % 99 arteko murrizketa egin ahal izango du beharginak.

Lehen mailako senideei medikuarengana laguntzeko edo gaixotasun larria duen adin txikiko bat zaintzeko baimenak ere aitortu dituzte. Gutxienez zortzi ordu izango ditu langileak horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aitak albisteak