Ekonomia -

RENOVE PLANA

10 urtetik gorako autoak aldatzeko laguntzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Era guztietako ibilgailu berriak erosteko laguntzak emango ditu, baina auto elektrikoak eta hibridoak bultzatuko ditu. Renove plana martxoan prest izatea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak.

Ibilgailu berriak, salgai. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Ibilgailu berriak, salgai
Jaurlaritzaren Renove plana, 10 urte baino gehiagoko autoak aldatzeko

1:18

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 10 urtetik gorako ibilgailuak errepideetatik ateratzeko eta berriak erosten laguntzeko Renove plana jarriko du martxan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak aurreratu duenez. Renove plana martxoan prest izatea aurreikusten du Jaurlaritzak eta era guztietako ibilgailu berriak erosteko laguntzak emango ditu.

Arantxa Tapiak automozioaren inguruko jardunaldi batzuetan egin du iragarpena Zornotzako AIC Automotive Intelligence Centerren.

Irekiera ekitaldian azaldu duenez, Renove plana ez ezik, euskal industriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak ere hartuko ditu Jaurlaritzak.

Automozioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Renove planari Espainiako Gobernuak aurtengorako eta hurrengo urterako iragarritako Renove plana gehitu behar zaio. Sanchezen Gobernuaren Renove planak 200 milioi euroko diru partida izango du.

Tapiak ez du Renove planaren zenbatekoaren inguruko daturik aurreratu, baina martxoan Energiaren Euskal Erakundearen bitartez martxan jarriko dela zehaztu du.

Jaurlaritzaren egitasmoa neutraltasun teknologikoan oinarrituko da, hau da, era guztietako ibilgailuak erosteko laguntzak egongo dira (hibridoak, elektrikoa, gasolina eta diesela). Dena den, oraindik ikusteko dago kasu guztietan laguntzak berdinak izango diren ala ez.

Laburbilduz, laguntzak 10 urtetik gorako autoa erretiratu eta berriak erostearen truke emango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Laguntza publikoak Automobilgintzari buruzko albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak