Ekonomia -

Akziodunen batzar nagusia

Zegonak kapitala handitu du Euskaltelen akzioak erosteko

Erosketa aurrera eramaten baldin badu, Euskadiko konpainiaren akziodun nagusia bilakatuko litzateke, enpresaren % 29 bereganatuz eta Kutxabank gaindituz. Bankuak akzioen % 20 dauka egun.

Euskaltelen egoitza Zamudion (Bizkaia). Artxiboko irudia: Euskaltel
Zegonak kapitala handitu du Euskaltelen akzioak erosteko
Euskaltelen egoitza Zamudion (Bizkaia). Artxiboko irudia: Euskaltel

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zegona Erresuma Batuko konpainiaren akziodunen batzar nagusiak kapitala gutxienez 114 milioi euroan handitzea onartu du ostegun honetan. Diru horrekin Euskaltelen akzioak erosten saiatuko da merkatuan, Euskadiko enpresaren gehiengoa bereganatzeko.

Erosketa egitasmoa aurrera eramaten baldin badu, Euskadiko konpainiaren akziodun nagusia bihurtuko litzateke Zegona, akzioen % 29 bereganatuz eta Kutxabank gaindituz. Bankuak akzioen % 20 dauka egun. Erresuma Batuko konpainiak, ostera, Euskaltelen akzioen % 15 dauka orain.

Gutxienez 141 milioi euro erabiltzeko prest dago Zegona, baina operazioa hasiera batean espero baino garestiago aterako zaio, izan ere, Euskalteleko akzioen balioak gora egin du, Orangen interesaren zurrumurruek lagunduta.

Asteazkenean, Frantziako konpainiak interesa gezurtatu zuen, eta akzioek behera egin dute berriro ostegun honetan, 7,70 euroan kokatu arte. Hala ere, abenduaren 31an baino garestiago daude, orduan zazpi euroen azpitik baitzeuden.

Duela astebete Euskaltelen akzio gehiago erosi ez duela zehaztu zuen Zegonak, eta ez du erabaki erosketa noiz gauzatuko duen, kotizazioaren menpe egongo delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak