Ekonomia -

Ardoa

Prezioen errekor berria ezarri dute Arabar Errioxako ardoek: 5,73 euro litroko

Iaz, Espainiar estatuko jatorri-deituren batezbestekoa baino altuagoa izan zen Arabako ardoen salneurria. 15. Uztaberri Egunean eman ditu datuak Arantxa Tapia sailburuak.

5,73 euro izan da Arabako Errioxako ardoek nazioarteko merkatuetan izandako prezioa.
5,73 euro izan da Arabako Errioxako ardoek nazioarteko merkatuetan izandako prezioa.
Inoiz baino garestiago saldu da Arabar Errioxako ardoa nazioartean

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabar Errioxako ardoak salneurrien errekor berria ezarri dute nazioarteko merkatuetan 2018an: 5,73 euro litroko. Espainiar estatuko jatorri-deituren batezbestekoa (3,6 euro) baino altuagoa da prezio hori.

Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak Arabako ardoen esportazioen eboluzioari buruzko datuak eman ditu 15. Uztaberri Egunean, Lapuebla de Labarcan.

2018ko lehenengo hamaika hilabeteetan izandako prezioen igoera hau, batez ere, beltzetan eta gorrietan ikusi da, 6 eurora hurbiltzen direlako. Zuriak, aldiz, 3,34 euroko prezioan saldu ziren.

Arabako ardoek Belgikan daukaten egoera ona aipatu du sailburuak. % 7,5 hazita, bosgarren merkatua bilakatu da. Herrialde horretan sortutako diru-sartzeak % 11tik gora hazi ziren.

Kontrako egoeran dago Erresuma Batua. Sailburuak azaldu duenez, EBtik irteteko prozesuak eragindako segurtasun ezak "oso argi kaltetu" du.

Hala ere, oraindik Arabar Errioxako ardoentzat lehenengo herrialdea izaten jarraitzen du Erresuma Batuak, zurietan zein beltz eta gorrietan.

Tapiak azaldu duenez, lehenengo hamar merkatuen artean, soilik Suedia, Kanada eta Estatu Batuetan saldutako ardoen prezioa jaitsi dira. Suitzan, ordea, mantendu egin dira, eta gainontzekoetan igo egin dira, batez ere Txinan.

Merkatu kuota galdu arren, Arabar Errioxako ardoak Euskal Autonomia Erkidegotik merkaturatuenak dira, bolumenaren % 52rekin eta balio osoaren % 71.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errioxako ardoa Arabako Errioxa